Albisteak

'Pasaia Hiria' poesia lehiaketako liburua plazaratu dute

Asteartea, 2012-06-19

Kalean da azken Pasaia Hiria lehiaketako irabazleen lanak biltzen dituen liburua: Ekhiñe Egigurenen Hirigrafiak eta paisagramak eta Aitor Albisturren Sonetoren erresumatik. Lehiaketaren inguruko azken berriak jasotzeaz gain, Egigureni egin diogu elkarrizketa.

Ohiko moduan, Bermingham argitaletxeak eta Pasaiako Udalak elkarrekin kaleratu dute 'Pasaia Hiria' lehiaketan aipamena jaso duten testuak. Sariketaren antolatzaileek aurreratu dutenez, sariaren izena aldatuko da aurrerantzean: batetik, 'Xabier Portugal' izena eramango du euskarazko adarrean, gaztelerazkoan aldiz, 'Altamira Puente'rena. Altamira Puente olerki lehiaketaren sortzailea izan zen Antxoko liburuzaina zela, eta zendutako Xabier Portugal, berriz, lehiaketako sustatzaile nagusia, idazle, zinegotzi zein alkate izan zen bitartean. Horregatik erabaki dute antolatzaileek lehiaketak aurrerantzean beren izenak eramatea.

Aurtengo irabazleak

Ekhine Egiguren Azkune eta Aitor Albistur Pulido izan dira aurtengo euskarazko irabazleak, eta Elena Roman Torres eta Luis Garcia Perez, gaztelerazkoak. Ekhine Egiguren Hirigrafiak eta Paisaiagramak lanarengatik saritu dute, eta Aitor Albistur, berriz, Sonetoen Erresumatik lanarengatik. Gazteleraz, Elena Romanek Hogares de paso lanarekin lortu du lehen saria, eta Luis Garciak Entre la luz y el barro lanarekin. Aitor Albisturrek jaso izan du lehenago ere saririk bere sonetoengatik (ikus Uberanen egindako elkarrizketa), Ekhiñe Egigureni egin diogu oraingoan elkarrizketa:

Hiria. Mapak, planoak, eta bestelako neurgailuak. Zelako ekarpena egiten diote iruditeria horiek lan honi?

Hirigrafiak eta Paisaiagramak, izenburuak berak dioen bezala, hiri-paisaien inguruko poema bilduma da. Erreferentzia horiek baliatu ditut hizkuntza poetikoa egituratu eta barne hiri baten metafora sortzeko: neure barne-hiria.

Hiriarekin batera besteak beste gorputza, eta idazketa bera azalduko zaizkigu uztarturik. Zeintzuk dira, funtsean, liburuaren ardatzak?

Ardatz nagusia paisaia urbanoa da: aurrean dugun hiria baino, geure baitan sortzen dugun hiri-paisaia. Gero, zeuk diozun bezala, gorputzak eta “ni”-ak ere badu presentzia eta horrekin batera, hitza eta idazketaren inguruko poemak ere badira.

Bada bertan nolabaiteko hiri metaforiko bat, baina badira ere poema batzuetan oso errekonozibleak egiten diren hiriak. Zentzu horretan, nora begiratu duzu poema hauek idazterakoan?

Berlin, Lisboa eta Oslo bezalako hiri errealen oihartzunak azaltzen dira, nolabait gogoan iltzatuta gelditu zaizkidan hiriak. Ezagutu eta handik denbora batera sortu zaizkit poema hauek. Ez dira bapatekoak izan; sentipen eta hausnarketa batzuekin identifikatzeko denbora behar izan dut.

'Ederra da hiri-paisaia memoriak definitzen ez duenean'. Hiria -eta gu- amnesikoak bagina hobe? funtsean hiriak ez du memoriarik, orainari loturikoa ez bada?

Paisaia urbanoa ikusten, usaintzen, entzuten duguna da. Aldiz, hiriari lotutako oroitzapen eta sentimenduak ere geure begiradaren parte dira eta erabat baldintzatzen gaituzte. Askotan memoriak neurtzen du hiri-paisaiaren edertasuna eta zama horrek ez digu aurrean duguna besterik gabe sentitzen uzten.

'Ulertzea hitzak ez direla gure sentimenduen edalontzi hutsala baizik'. Hiria bezala, baita hitzak ere?

Bai, hitza, komunikazio tresna den heinean, gure sentimenduen adierazpide izan daiteke, poesian batez ere. Hitzari buruz diharduen poema hori esandako nahiz esangabeko hitzen inguruan mintzo da, neure egoera pertsonal batetik abiatuta.

Paperean irakurri ahal izan ditugu poema hauek, Pasaia Hiria lehiaketaren harira argitaratu den liburuan. Zer garrantzia ematen diezu horrelako argitalpenei?

Beste generoekin alderatuta poesia gutxiago irakurtzen eta argitaratzen da, baina badira han-hemenka antolatzen diren poesia leihaketak, poesia idazten dugunontzat eragingarriak, eta eskertzekoa da egiten den ahalegina. Halere, lehiaketetan ez da beti argitaratzeko aukera izaten, edota askotan, argitalpenak oharkabean pasatzen dira.

Niretzat Pasaia Hiria aukera paregabea izan da, liburuxka polita kaleratu dute irabazleen lanekin eta zabaldu den ale kopurua zein modua ere esanguratsuak izan dira. Oso pozik gaude.

Albiste honen uberan:

Albistea Pasaiako Hitzan

Aitor Albistur Hitzen Uberanen

Ekhiñe Egiguren Hitzen Uberanen

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)