Elkarrizketak

Ana Malagonen apalategian: Liburuak hasi... eta bukatu.

Astelehena, 2021-01-18

Apalategian atalean, beren liburu kuttunei (eta ez hain kuttunei) buruz galdetuko diegu idazleei hilean behin. Gaurkoan, Ana Malagon.

Ana Malagonen apalategian: Liburuak hasi... eta bukatu.

Ana Malagon (Donostia, 1978). Produktu eta zerbitzu digitalen diseinuan egiten du lan. Bi ipuin liburu argitaratu ditu: Lasai, ez da ezer gertatzen (2014) eta Gelditu zaitezte gurekin (2017). Berria egunkarian zutabeak idazten uzten diote.

Mesanotxean daukazun liburua: Idoia Santamariak itzuli duen Ingeborg Bachmann-en Aldibereko.

Zure bizitza aldatu zuen liburua: Ez dut halakorik, egia esan. Nire bizitzan egon diren garai eta aldaketa bakoitzak bere liburuak izan ditu eta ziurrenik continuum baldar bat da EM Forster-ren Howards End-etik Flannery O'Connor-en Ez da erraza gizon on bat aurkitzea bezalakoetara eraman nauena.

Hainbat aldiz irakurtzen hasi arren, inoiz amaitu ez duzun liburua: Oso burugogorra naiz eta ia beti saiatzen naiz amaierara heltzen. Gero neure buruari galdetzen diot zergatik galdu dudan denbora liburu horretan. Simon Rich-en The last girlfriend on earth ipuin bildumarekin gertatu zait orain dela gutxi.

Gogotik oparitzen duzun liburua: Tamalez nire ganorabakoikeria sozialak oparirik ez egitera eramaten nau baina egin beharko banu, Italo Calvinoren Hiri ikusezinak oparituko nuke.

Haurtzaro edo gaztaroko liburu kuttuna: Gudrun Mebs-en Igandean jaioa. Nire gurasoak Círculo de Lectores-eko harpidedunak ziren eta umezurtz baten bakardadeari buruzko liburu hau eskatu nuen katalogo bidez. Ez nituen hamar urte izango eta dagoeneko jasanezina nintzen.

Zuk zeuk idatzi nahi izango zenukeen liburua: Asko. Baina bat aipatzearren, Thomas Mann-en Buddenbrook-tarrak esango dizut. Aspaldi irakurri nuen eta ez dut ezer oroitzen, oso gustuko izan nuela besterik ez, baina ziur nago idatzi nahi izango nukeela.

Negar eginarazi dizun azken liburua: Ez naiz liburuekin negar egitekoa, baina Slavenka Drakulic-en Han ez banengo bezala liburuak oso momentu gogorrak ditu.

Barre eginarazi dizun azken liburua: Cristina Morales-en Lectura fácil-eko hainbat pasartek.

Inoiz irakurri ez izanaz lotsatzen zaren liburua: Klasiko mordo bat, batez ere errealismoko nobeloiak. Ez dut Charles Dickens-en ezer irakurri. Edo Madame Bovary.

Aldarteak aldarte, sekula hutsik egiten ez dizun liburua: Macbeth. Zer egingo diot.

Elkarrizketa honen uberan

Hona hemen bere bi ipuin-liburuen harira Ana Malagoni egin dizkiogun elkarrizketak.

«Inperfekzioaren jabetze bat dago ironian. Min egiten digunari erantzuteko modu posible bat bezala ulertzen dut»

«Askoz ere interesgarriagoa da zure iritziaren kontra dauden pertsonaiak sortzea»

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)