Albisteak

«Kafe tristearen balada» argitaratu du Pasazaitek

Asteazkena, 2020-10-14

Astiro baina sendo, mundu zabaleko literatur altxor garaikideak ekartzen jarraitzen du Pasazaite argitaletxeak: oraingoan, Carson McCullers estatubatuarraren ipuin-liburu sonatu bat itzuli du Asun Garikanok: Kafe tristearen balada. Argitaletxetik jakinarazi dutenez, hasiak dira liburua dendaz denda banatzen.

Proiektu txikia da Pasazaite –Xabier Queiruga arduratzen da, bere aisialdian, testuak hautatu, itzultzaileak bilatu, eta liburuak banatzeaz–; baina, asmo handi bezain ederra du: literatura garaikideko aleak euskarara ekartzea.

Argitaletxeak bi bilduma ditu; batean, europar literaturako lanak kaleratzen dituzte: besteak beste, Muskuiluak afaltzeko (Birgit Vanderbeke; Ainhoa Irazustabarrena itzultzaile), Kristo irakiarra (Hassan Blasim; Ana Isabel Morales itzultzaile) eta Han ez banengo bezala (Slavenka Drakulic; Amaia Apalauza itzultzaile) jaso ditugu. Bestean, ostera, estatubatuar literaturako aleak kaleratzen dituzte. Berriagoa da sail hori, eta, orain artean, hiru lan atera dituzte: Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat (David Foster Wallace; Danele Sarriugarte itzultzaile), Xala (Cynthia Ozick; Koro Navarro itzultzaile), eta Errepidean (Jack Kerouac; Iñigo Roque itzultzaile).

Bada, udazkenarekin iritsi da bilduma horretako laugarren izenburua: Carson McCullersen Kafe tristearen balada, Asun Garikanok itzulia. Berez, udaberrian kaleratu behar zen, baina argitalpena atzeratu egin zen osasun-egoeraren ondorioz. Nolanahi ere, argitaletxeak jakinarazi duenez, hasiak dira jada liburua dendetan banatzen.


 

Hegoaldeko gotikoaren erakusgarria

Eleberri labur batek –liburuaren izenburu bera duenak– eta beste sei ipuinek osatzen dute McCullersen obra hau, zeina 1951n argitaratu baitzen estreinakoz. Liburuko ipuinetako bat, «Jockeya», 2017an itzuli zuen Gorka Arresek, eta armiarma atarian argitaratu. Hemen irakur dezakezue, beraz, amu gisa.

Ipuin-liburu horretaz gainera, lau eleberri eta zenbat antzezlan kaleratu zituen autoreak. Horien artean ezagunena, seguru asko, bere opera prima da, zeina 23 urterekin argitaratu baitzuen: The Heart is a Lonely Hunter [Ehiztari bakartia da bihotza].

AEBko hegoalde «sakonean» kokatu zituen bere lan gehienak McCullersek, eta inguru horretan bizi ziren pertsonaia marjinatu eta bazterrekoak deskribatu zituen sarritan. Hori dela-eta, «Hegoaldeko gotikoa» deritzon generoaren erakusgarritzat aurkeztu ohi dute.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)