Aingura hegodunak

Markel Ormazabalen liburu gomendioa

Horst Fantazziniren Ormai é fatta! liburua proposatu diguAsteazkena, 2015-03-04

Markel Ormazabalek Hemen naiz, ez gelditzeko baina (Txalaparta) liburua kaleratu zuen iaz. Kartzelan idatzitako liburua, kartzela ulertzeko beharrak idaztera bultzaturik. Ormai é fatta! liburua ere, espetxe ezberdinetako erizaindegietan idatzia dago. Errealitatean oinarritutako nobela edo ihesaldi baten kronikatik harago, "garai jakin baten bizipen azterketa da Horst Fantazzinik liburuan aurkezten diguna. Anni di piombo (Berunezko urteak), Margarethe Von Trottaren 1981eko filmearen izenburutik hartutako esamolde arras ezaguna. Eta berunarena da, hain zuzen ere, orrialdeak pasa ahala irakurlearen ahoak hartzen duen gustoa", Ormazabalek aditzera eman digunez.

1973ko uztailaren 23a Fossano-ko (Cuneo) kartzelan. Egunaren amaieran libre edo hilik izango naiz, ez dago beste aukerarik…

Plaza honetan bertan egin elkarrizketan esan nuen kartzelari buruzko libururik irakurri gabe nuela hormaren alde honetara ekarri nindutenetik. Iragan abenduan Bergarako kartzela zaharrean ospatu Tattoo Circus kartzelaren aurkako topaketetatik baina, itzelezko biharamun eta tatuaia berri batekin ez ezik, intentsitate handiz irakurritako liburu honekin ere itzuli nintzen.

Errealitatean oinarritutako nobela edo ihesaldi baten kronikatik harago, garai jakin baten bizipen azterketa da Horst Fantazzinik liburuan aurkezten diguna. Anni di piombo (Berunezko urteak), Margarethe Von Trottaren 1981eko filmearen izenburutik hartutako esamolde arras ezaguna. Eta berunarena da, hain zuzen ere, orrialdeak pasa ahala irakurlearen ahoak hartzen duen gustoa. Ez soilik 70eko hormen bi aldeetako Italiako puskak dakarzkigulako idazleak; hitzak berunez idatziak direla esatea metafora bat baino gehiago daitekeelako baizik. Bularrean, zilborraren gainaldean, sahietsean, ezker eskumuturrean, buruan eta beste bi bizkarrean. Horst Fantazzinik kalibre ezberdinetako zazpi balen atalak gorputzean barreiaturik zituela idatzi zuen liburua. Hainbat kartzeletako erizaindegietan.

Isaac Lourido ikerlari galegoak aipatu bezala, kartzelako lekukotza liburuetan edo liburu autobiografikoetan ohikoa da poemak ere tartekatzea, eta Ormai é fatta! dugu horren adibide. Poemekin ez ezik, egile beraren marrazkiek eta liburuan kontatu gertakariak jaso zituzten hedabide hainbaten laburpenek osatzen dute kontakizun hunkigarri hau. Baita Fantazzini beraren aurkako ebazpen judizialak eta Busto Arsizioren testu batek ere. Kartzelako lanekin gertatu ohi den bezala, bildumaren egileek zailtasunak izan baitzituzten idazlearen kontakizun osoa osatzen zuten testu danak eskuratzeko.

Aipatu ikerlariaren esanetan, kartzelan sorturiko testuen kasuan funtsezkoa da zabalkuntza-bideez gogoeta egitea; kasurik gehienetan ez baitira ohiko plataforma literarioen bidez hedatu, plataforma alternatiboen bidez baizik. Ormai é fatta!, berriro ere, kartzela literaturaren adierazle argia dugu. 1976ean Soccorso Rosso Militante antolakundearen ekimenez eta Bertani Editore-k argitaratua, 2012ko abenduan kaleratu zen gaztelerazko bertsioa Biblioteca Social Hermanos Quero banatzailea eta Editorial Klinamen-en elkarlanaz.

Kartzelako sorkuntzaren bitartez presoak ahotsa gorpuztea du helburu, esana du Iratxe Retolazak. Eta ahotsaren gorpuztearekin gizarteak eta espetxeak ukatu dion hitza eta nortasuna aldarrikatuko ditu. Lehen eta hirugarren pertsonan gorpuzten du ahotsa Horst Fantazzinik, gertuko hizkera eta egitura erabiliz. Eta edozein presoren antzera, gorputza du borroka tresna. Bere gorputzeko orbanen bidez garaiko italiar kartzeletako egoerak azaltzen dizkigu; kartzela nola bilakatzen den injustiziaren kiribil. Izuen gordelekuan dutenaren egonarria; ezintasun sentimenduan lehenik eta ondoren amorruan bilakatzen dena. Presoak, haintzat hartua izan dadin, eskumuturrak ebakiko ditu, edo gose greban jarriko da, edo ziegan gotortuko. Edo ihesaldia saiatuko.

Korridorera irten naiz eta adostutako lehiora goratu…ormai é fatta!

Markel Ormazabal

 

Ormai

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)