Aingura hegodunak

Abereak eta gizabereak, Mikel Ibargurenen testu argitaragabea

Asteartea, 2011-06-14

Akelarre kultur taldeak etenik gabeko irakurraldi publikoa antolatu zuen ekainaren 8an, Hendaiako Mediatekan. Antza denez, 7 urtetik 75era bitarteko 65 irakurle aritzekoak ziren elkarren segidan, sei orduz luzatzekoa zen ekitaldian. Irakurtzaletasuna bultzatzea du helburu irakurraldi honek eta, aurtengoan, "Animaliak" izan da irakurraldirako proposatua izan den gai nagusia. Horretarako espresuki sortu zuen Mikel Ibargurenek honoko testua. Hendaian irakurri zuen idatzia eta bere osotasunean jaso dugu Aingura Hegodunak atalean. On egin!

Abereak eta gizabereak

Egia esan, abereek eta gizabereok gero eta antz handiagoa dugu.
Xinaurriak bezain sozialak izaten badakigu, baita hartz zuriak legez bakarti ibiltzen ere.
Lehoiak bezanbat orro egile gara, astoak legez arrantza egiten dugu
eta krokodiloaren malkoak benetan dira krokodiloarenak gure begietan.

Basoko azkonarrak gaua du aterbe,
hontzak carpe noctem dio, erresinolak carpe diem;
azken euskal balea Orion arrantzatu zuten;
lehenbiziko euskal dinosauruak Lirainosaurus du grazia
eta mahatsaren zukuaz mozkortzen omen da liztorra; -eta nor ez?-

Kalean uso, etxean otso ibiltzen badaki gizakiak.

Diotenez, tximeleta efektuak mundua alda dezake,
saguzarrak ez dira, ez sagu, ez hegazti
eta enarak udaberria ekartzen du kukuarekin batera.
Bide ertzetik doan sagarroiak ez du fitsik jakin nahi postmodernitateaz;
txantxangorriak bestelako abereen etxalde bat egin nahi du aldarri,
txepetxari zientifikoki trogloditidoen familiako hegazti paseriformea deitzen diote,
-ba ote daki berak?-
Egoera jakin batean gizabereak ongi egiten du ostrukarena;
igela ergela da idazlearen arabera, apoa, berriz, basatzetako urretxindorra.
Pailazo arrainak ez du sudur gorririk eta ez du "maite zaitut" abesten,
haatik pailazoarena egiten du.

Etxerago etorriz, ezagutzen dut hortik katu hankak jantzita ibiltzen denik.
Zakurrak badaki baina ez daki badakiela;
gizabereak, berriz, badaki badakiela,
horregatik da bere buruari galderak egiten dizkion espezie bakarra.
Behiak, etzaten denean, lo egiten du; gizaberea pentsatzen hasten da.
Baina hori bai, zakurrak beti hankutsik
eta ez dago jakiterik zenbat kamaleoi dabilen suelto.

Kalean zozo, etxean bele ibiltzen badaki gizakiak.

Elefanteak oroimen zaharra omen du, nondik datorren jakin dezan.
Gizaberak ez daki nondik datorren, eta okerrago dena: ez daki nora doan.
Otsoak bezala, errari doa; horregatik dio gizakiak gizakiari otso.

Bada munduan bertuterik: azeria bera baino azeriagoa da gizaberea.
Bada munduan dudarik: zebrak zaldi zuriak dira marra beltzekin ala zaldi beltzak marra zuriekin?
Gure arbaso txinpantzeak oso espresiboak omen dira,
sugeek ez dute betazalik; krokodiloek hiru ei dituzte
eta nire izebak duen loroa hitzontzi hutsa da; eta benetan diot: hitzontzia da nire izeba.

Kumeak bere sabelean hazten dituen itsas zaldi aitaren aitatasuna ezaguna da etxaldean
Pingüino aitak ere bere hanketan inkubatzen ditu arraultzak.
Marigorringoaren mantala hasieran horia ei da, gero transformatzen da gorri kolorekoa.
Izan ere Darwinen hautespen naturalak gauza harrigarriak egin ditu denboran zehar.
Baina honako hau arau infaliblea duzue: gizakia zenbat eta gorago, uzkia ageriago.

Abereek beren lurraldea mugatzen dutela esatea eufemismoa da
gizabereek beren buruari ezartzen dizkietenekin konparatuz gero.
Aberea oso territoriala omen, baina gizakiak ere badaki bere territorioa markatzen
konbentzio, muga eta arauekin.

Kalean katu, etxean katamotz ibiltzen badaki gizakiak.

Baina, egia esan, ez naiz kukuarenak egiten hasiko, eta filosofoak esandakoarekin bukatuko dut: "ziminoak onegiak dira, gizakiak ezin du haien ondorengo izan".

Ziminoen aurretik gizakirik ba ote zen galdetzen diot orain neure buruari.

Kalean gizaki, etxean abere ibiltzen badaki gizakiak.

Mikel Ibargurenek 2011ko ekainaren 8an Hendaian irakurritako testua.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    Eta zer esanik ez piztiekin alderatuta!

    2011-06-15 08:07Gorka Velasco
  • 64x64

    Eta zer esanik ez piztiekin alderatuta!

    2011-06-15 08:07Gorka Velasco