“Aitona sutondoan ipuin kontari” liburua plazaratu du Maritxu Gaztelumendi Urruzolak
Asteazkena, 2014-10-01Oiartzunen 1940eko hamarkadan aitonari entzundako ipuin, kantu labur eta gertaerak liburu euskarrian jaso ditu Maritxu Gaztelumendi Urruzolak. Autoedizioaren bidetik plazaratu du “Aitona sutondoan ipuin kontari”.

Transmisio eta memoria ariketa eskerga egin du Maritxu Gaztelumendi Urruzolak autoedizioaren bidetik plazaratu berri duen liburuarekin: aitonaren ahotsez Oiartzunen entzundakoak eraman ditu paperera. Ahozkotasunaz mintzo zaigu, hain zuzen ere, Joxe Ramon Zubimendi Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko kideak liburuaren hitzaurrean:
“Ahozko kultura izan da beti euskararen emaitza gorena, eta kultura horrek adierazpide ugari ditu: bertsolaritza, esaera zaharrak, atsotitzak, esapideak, herri-antzerkia, kantu laburrak, herri-prosa… Hitz batean esateko, euskal herri-literatura.
Oiartzungo herri-prosa da, batez ere, Gaztelumendi Urruzolak paperera ekarri duena, egileak berak egindako marrazkiez lagunduta. Hitzaurregilearen hitzak hartuta berriz ere.
“Aitona zuenari ikasi zizkion kontuok haurtzaroan, aitonaren ahotik entzun zituen sutondoan; baita entzundakoak ondo gogoan hartu ere! Eta orain, oroimena, adimena eta borondatea uztartuz, gure begien aurrera dakartza Maritxuk kontu zaharrok, Oiartzungo garai bateko herri-literatura aberatsaren lekuko”.
Hamar ipuin batetik, abesti labur, gertaera eta esaerak bestetik, atal biretan bildurik plazaratu ditu egileak testuok. Sarreran ezagutuko dugu lehenik eta behin egilearen aitona, sutondoan. Nire aitona, Juan Joxe Gaztelumendi Olaziregi, 1940eko hamarkada inguruan Oiartzunen bizi zen, Karrika auzoko Aroxkene baserria “Bera antxe jarriko zen sutondoan, bere betiko tokian. Gu ere azkar jartzen giñan aren bueltan, bakoitza bere aulkian. Aal bazen, aren ondoan. Eta ukalondoa aren belaunetan izanez gero, naiago. Une artarako, su ederra egiña izaten zuen aitonak”.
Ipuinak, gertaerak, etorriko ziren aitonaren ahotik, bata bestearen atzetik. Honako hau, kasu:
ILTZEKO ZORIAN ZEGOEN GIZONA
Baztan aldeko gizon bat gaixotu eta iltzeko zorian jarri zen. Jesusengan ez omen zuen sinesten eta aren andrea oso kezkatuta zegoen bere senarra inpernura joango zen bildurrez. Senarra il ezkero, ez zeukala salbaziorik pentsatzen zuen.
Nolabait “Jesus” esanarazi nai zion bere senarrari. Andreak, senarraren or ondora joan eta, bazterretik goxo-goxo esan zion:
-Manis, errazu Jesus!
Gizonak kasorik ez.
-Manis, iltzera zoaz. Errazu Jesus!
Gizona isilik.
-Manis, ankak oztu zaizkizu, iltzera zoaz. Errazu Jesus!
Gizonak erantzun:
-Ba, inpernuan su andia da. An berotuko dira!
Andrea triste atera zen gelatik. Baiña etzuten etsi. Andik denbora pixka batera, berriz senarraren bazterrera joan eta belarrira goxo-goxo esan zion:
-Manis! Badakizu zer ikusi dudan?
-Zer?
-Bertzeko atsua, kupela bizkarrian duela emendik pasatzen!
-Jesus, Jesus! Diakolo Maria! Ori ere badeu!
Non eros dezakegu liburua?
Non eros dezakegu “Aitona sutondoan ipuin kontari” liburua?
Nahi izanez gero, Maritxurekin harremanetan jartzeko aukera daukazue aitonasutondoan@gmail.com helbide elektronikoan. Liburua non eros daitekeen azalduko dizue.
oso garrantsitsua da ipui eta kontakizun hauek berreskuratzea
eta zabaltzera ematea. gustura irakurriko nuke liburuxka hau.
animo neska eta jarraitu bide horretatik. nora goazen jakiteko
nondik gatozen jakin behar baitugu. ondo segi eta zorionak