Aingura hegodunak

Ana Jakaren liburu gomendioa

Reflejos en un ojo dorado liburuaren irakurketa proposatu diguAsteazkena, 2015-01-07

Kazetaritzan lizentziatua, liburuen promozioan lan egiten du Ana Jakak. Poesia idatzi izan du, gaztelaniaz gehienbat, hainbat sari irabaziz eta antologiatan parte hartuz. Ez zen diruagatik (Elkar) nobela plazaratu zuen iaz. Liburu gomendio bat idazteko proposamena egin diogu eta hauxe da bueltan igorri digun iruzkina, Reflejos en un ojo dorado liburuaren inguruan idatzia. "Tabu ezatik haratago, erakargarri egiten ditu Carsonek gizarteak epaitzen dituenak: ahulak, mesfidagarriak, behartsuak. Hor datza, nire ustez, Carsonen jenialtasuna".

Reflejos en un ojo dorado, Carson McCullers (1941)

Liburu honetaz esan da eleberri perfektua dela. McCullersen lan guztiek berebiziko indarra dute sortzen dituen pertsonaiek dutenagatik, eta maisuki gorpuzten dituelako bere barne gatazkak (gizarteak eragindakoak neurri handi batean), horien arteko harremanak, eta ekarriko dituzten ondorioak. Eleberri hau, baina, perfektua egiten dute horiek denak azaltzeko gardentasunak eta narrazioaren norabide argiak. Deigarria da, eta umorez betea esango nuke nik, hasiera hasieratik kontatuko duena azaltzea.

Lehenengo paragrafoan antzeslekua aurkezten digu egileak: postu militar bat "bake garaian", monotonia eta ordenaren paisaia; bigarrengoan, irakurleak jada espero duen gertakizun ezohikoa: hilketa bat, eta horretan parte hartuko duten pertsonaiak: bi ofizial, soldadu bat, bi emakume, filipinar bat eta zaldi bat. 120 orrialde eskasetan elementu hauen artean zein nolako loturak dauden eta nola elkarri eragiten dioten jada dakigunera iritsi arte ikusi eta ulertuko dugu, prosa arin eta aldi berean sakonean. Nork ez du jakin nahi izaten hilketa baten zergatiak? Zerk bultzatzen duen, nork burutzen bainoago?

Ekintza tragiko horren harira, tragedia beraren zentzugabekeria garbi utzita gertatzen denerako, baina ez horregatik tragedia izateari muzin eginez, pertsonaia gutxi batzuren benetako izaera marrazten digu Carsonek. Eta ez dira inoiz ohiko pertsonaiak. Tabu ezatik haratago, erakargarri egiten ditu Carsonek gizarteak epaitzen dituenak: ahulak, mesfidagarriak, behartsuak. Hor datza, nire ustez, Carsonen jenialtasuna. Honelakoak gara, eta ederrak gara.

Ana Jaka

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)