Aingura hegodunak

Arrate Mardarasen liburu gomendioa

Emilia Pardo Bazán-en Insolación (1889) liburua hautatu duAsteazkena, 2014-06-11

Sei ipuin topatuko dituzue Arrate Mardarasen Pendrive (Susa) liburuan. Sei ipuin amodiozko. Baina pendrive honek bestelako idatziak ere jasotzen ditu bere baitan. Eta Arrate Mardarasek denak ipini nahi izan ditu agerian. Ez dakigu non ote zuen iruzkin hau gordea. Beste pendrive batean akaso? Guregana iritsi da behintzat, eta jaso bezala eman dugu hemen argitara: Arrate Mardarasen gomendio literarioa. XIX. mendeko nobela bat, hain juxtu.

Auto-fikzioa egiteagatik, gaiagatik eta kontatzeko eragatik 125 urte dituen eleberria zinez aktuala egiten da. Protagonista, Galiziako markesa alargun gaztea, alaba baten ama, Madriden bizi da. San Isidro goizean mezetara doala,  egun bi lehenago ezagututako señorito andaluzarekin topo egiten du, eta honen gonbidapenari jaramon eginez feriara abiatzen dira, meza hango ermitan entzungo duten aitzakiarekin. Hortik aurrera andre aristokrata, jakin-minak bultzatuta eta gizonak erakarrita, egoera desegokietan eta arinkeriatan ibiliko da etxera itzuli arte, batez ere mozkor itzela harrapatzen duelako bazkaritan (eguzki kolpea). Biharamuna damu eguna izango da, ohorea zalantzan jarri baitu. Baina hala ere, andereak señoritoak eskatutakohitzordu gehiagori baietz esango dio -zalantza eta barne borroka artean-  erabat maitemindu arte.

Protagonista eta egilearen arteko parekotasuna agerikoa da: egilea kondesa galiziarra izan zen, seme-alaba biren ama banandua. Eleberria J. Lázaro Galdianori eskaini zion, señoritoa legez, bera baino gazteagoa, “en prenda de amistad”, baina adiskidea baino gehiago ote zen zurrumurrua zebilen.

Gaia maitasuna izanik, moral sexuala; maitasunaren psikologia; emakumezkoek eta gizonezkoek gizarte arauen arabera izan beharreko amodioarekiko jarrera desberdina, eta pretendientearen portaerak emakumearen sentimenduen garapenean duen garrantzia jorratzen ditu batik bat.

Lagunarteko gaztelera darabil, baina jasoa eta oso aberatsa; dialektoaren aldeko apustua egiten du, andaluzierarekin Pacheco ezkongaiaren ahotan, eta madrildar petoen hizkeraren aldekoa pertsonaia xumeenean.

Bere sasoian eskandalagarria izan zen Insolación lanaz gain, beste laurogei obra baino gehiagoren egilea dugu feminismoa eta literatura bizitzako ardatz izan zituen Pardo Bazán anderea.

Insolacion

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)