Aingura hegodunak

Garazi Arrularen liburu gomendioa

Sofi Oksanen-en Garbiketa liburua proposatu diguAsteazkena, 2014-10-22

Tafallan sortu zen Garazi Arrula Ruiz, 1987an. Atzerriko hizkuntzako irakasle-ikasketak egin zituen, Itzulpengintza eta interpretazioa lizentzia gero eta, azkenik, Hizkuntzalaritza masterra. Besteak beste, Anaïs Ninen Venusen delta (Txalaparta, 2013) ipuin-liburua eta F.Scott Fitzgeralden Plazeraren gau ilunekoak antologia (Elkar, 2014) euskaratu ditu, azken hau Iñigo Roquerekin lankidetzan. Berria egunkarian kolaboratu izan du eta Elearazi blogeko sortzaileetako bat da. Liburu gomendio baten bila jo dugu Garazi Arrularengana eta hauxe da proposatu digun liburua: Sofi Oksanen-en Garbiketa (Erein-Alberdania, Batera saila).

Garbiketa

Sofi Oksanen

Erein eta Alberdania, Batera Saila (2011)

«Esperma horren guztiaren, ile horien guztien, eztarritik sartutako ile guztien ondoren, tomateak oraindik tomate gustua zuen, gaztak gaztarena, eztarrian ile batzuk geratzen ziren arren. Bizirik jarraitzen zuela esan nahiko zuen».


Estoniako landa eremu batean elkartu ditu Sofi Oksanen idazle finlandiarrak eleberri honetako bi emakumeak. Zara errusiar gazteak eta Aliide atsoak 1992an ezagutzen dute elkar, errepublikak independentzia berreskuratu eta gutxira. Denboran aurrera eta atzera jauzika dabil kontakizuna, kapitulu laburretan banatuta. Estoniaren erresistentzia, Sobiet Batasunaren eraketa eta Bigarren Mundu Gerra agertzen zaizkigu atzeko planoan, hasi eta buka; Oksanenek gerra etxe barrura sartzen du, ordea, emakumeen ahotsaz eta eguneroko bizitzaz janzten du. Aliideren bizipenek eta oroitzapenek bizirauteko saiakera etengabekoari emandako bizitza erakusten digute, eta Zarak bide horri berari heltzen diola dirudi, emakume-trafikatzaileengandik ihesi baitabil. Laster ohartuko garenez, zoritxarra baino gehiago dute bi emakumeek komunean. Beldurra eta mesfidantza agertzen zaigu hasieratik haiengan, baina horren gainetik dago bien indarra eta aurrera egiteko borondatea. Batzuetan elipsiez baliatzen da autorea, sotilki; beste batzuetan tantaka ematen du istorioa osatzeko irakurleak behar dituen piezak, arreta handiz aukeratzen du zer, nola eta noiz eman; eta, bestetzuetan, xehetasun handiko deskribapen luzeak darabiltza. Badirudi autoreak guztia neurtu duela: lekuz kanpo egon daitekeena, halakorik bada, autoreak hala nahi izan duelako dago lekuz kanpo.

Mia Rissanenek eta Joseba Ossak lau eskutara ekarri dute harribitxi hau finlandieratik; ez nuke aipatu gabe utzi nahi itzultzaileek giro ustelari eta tonu gogorrari zehaztasun handiz eusteko egin duten ahalegina. Tamalez, esanen nuke azalak ez diola harreran mesederik egiten; irakurle bat baino gehiago uxatuko zuen gazte literatura zelakoan.

Garazi Arrula Ruiz

Garbiketa

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)