Aingura hegodunak

"Denbora bere lekura", Gerardo Markuletaren poema liburu berria

Ekainaren 2an aurkeztuko du, Donostiako Udal Liburutegiko sotoanOstirala, 2015-05-29

Bederatzi urteren buruan, poesia liburu berri bat osatu du idazle eta itzultzaile oñatiarrak. Denbora bere lekura du izenburu eta Erein argitaletxearekin emango du argitara. Datorren astean aurkeztuko du, ekainak 2 asteartea, Donostiako Udal liburutegiko sotoan. Donostian dela profitatuz, arratsalde partean errezitaldia eskainiko du Donostiako Garoa liburu-dendan. "Poemak eta musika" izeneko saioan, Jabier Muguruza izango du bidaide.

Zenbateko boterea ematen diogu denbora pasatuari gure denbora presentean? Nostalgiarik gabe, poeta atzera begira jarri da, aukera bakarra aurrera bidea dela jakinik. Handik “nerabezaroko argazkiak, leiho irekiak, tiradera ezkuturen bat, akuarela lurrintsuak, oheko oihartzunak…” jaso ditu poema berriotan, Erein argitaletxearen web orrian irakurri dugunez. Umoretik jaso ere.

Muguruza

Poema liburua ekainaren 2an asteartea aurkeztuko du, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, eguerdiko 12:00etan hasita. Eta arratsalde partean, "Poemak eta musika" errezitaldia eskainiko du Jabier Muguruzarekin batera, Donostiako Garoa liburu dendan. Errezitzaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da.


Egilearen baimenarekin, hemen duzue Denbora bere lekura (Erein) liburuaren lagin bat: Pinudia. Poema honekin hasten da, hain zuzen, Gerardo Markuletaren liburu berria.

 

PINUDIA

 

 

Artean

ohartzeko gauza ez bagara ere,

bizitzak

goizean goizetik ematen dizkigu,

ulertzen hasi gaitezen,

zantzuak.

 

Umetan

sarritan

aldapa gorako pinudi batera

hurreratzen ginen jolas egitera,

debekua bazen ere

etxean.

 

Pinuan

gora egiteko saio barik ere

–hostaje sarriak eragozten zuen­–,

askotan

etxeratzen nintzen erretxinaz zikin

arropak.

 

Haziak

ez ziren jateko onak. Sasoian,

masustak

eskaintzen zituzten sasiek ertzetan.

Askaltzera, baina, beti jaisten ginen

etxera.

 

 

Neguan

zetazko habiak agertu ohi ziren,

orratzak

lehor tarteka. Gero, udaberrian,

lurretik narras, beldarrak

ilaran.

 

Jabea

ez zen pinudian sekula agertzen.

Pinuak

jabedunak ziren, zalantzarik gabe.

Beharrezkoak ez omen

hesiak.

 

Aldapa

buruan, zelai bat ageri zen zabal.

Behean,

erreka bat. Eta harexen gainean

zubi ttiki bat, etxera

bidea.

 

Zantzuak

ulertzeko gauza bide gara orain.

Argi da

zer diren jabea, masustak, beldarrak,

zubia, zer den pinudia? Zeinuek

garden dirudite, eta

ez dira.

 

 


Seigarren poema liburua

Denbora bere lekura (Erein, 2015) honen aurretik, Gerardo Markulelak bost poema liburu argitaratu ditu: Larrosak noizean behin (1990), Sagarraren hausterrea (1994), Hauta-lanerako poemategia (2000), Batak ez du bestea kentzen (2003) eta Ezjakintasunak (2006).

Jabier Muguruza, Mikel Urdangarin edota Anje Duhalderen diskografian aurkituko dituzue bere hainbat poema, kantu bihurturik.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)