Aingura hegodunak

Iñigo Roque Eguzkitzaren liburu gomendioa

Pier Paolo Pasoliniren Le ceneri di Gramsci (1957) proposatu digu Asteazkena, 2014-09-10

Itzultzaile gisa nabarmendu da azkenaldian. 2012an, Fernando Pessoaren Poemak pluralean antologia modukoa argitaratu zuen Denonartean etxearekin. Geroztik, Antonio Lobo Antunesen Gauzen ordena naturala (Literatura Unibertsala), F. Scott Fitzgeralden Plazeraren gau ilunekoak (Elkar) ipuin-antologia (Garazi Arrularekin batera) eta Iolanda Zuñigaren Post-it bizitzak (Pasazaite) liburuak ekarri ditu euskarara. Honakoan, gomendio eske jo dugu Iñigorengana. eta Pier Paolo Pasoliniren lan hau aukeratu du: Le ceneri di Gramsci (1957). "Aberri teluriko bat marrazten digu, oso lurtarra, gorespenik gabea, izerdiz eta bulko sentsualez ttittatua".

Liburu honek madarikarazi egin zidan berriz neure burua, italieraz ez jakiteagatik, nahiz Visorren edizio elebiduneko orrialdeetan, bikoiti-bakoiti, jauzika ibiltzeak ia osorik ase ninduen. Liburuak badu alde hori: dialektotik italiera batura igarotzen da Pasolini, Friuletik Erromara doan heinean. Bidean, Italia trabeskatzen du, bere poesia zangalatrauz, etenez, marra luzez betean. Aberri teluriko bat marrazten digu, oso lurtarra, gorespenik gabea, izerdiz eta bulko sentsualez ttittatua: Probintzia biziotsutik bihotz// zurietaraino taberna lizunetako puxiketan/ hiriaren periferian,/ haragiak eta miseriak badituzte/ soinu airos eta plazentak. Halaxe korritzen du lurraldea txiza-sundaz, isiltasun zizkolatsuz, sexu epelez, historiatik historiaurrera, eta handik berriro etorkizunera, Pavesek eraikitako mito atabiko haren zaldikoaren gainean. Helmugan zain dauzka bazter-auzoetako proletario txiroak, hegoaldetik etorriak, milaka urteko lur-urrina gainetik kendu ezin dutenak; hango haurren bortxakeria, helduaroko edertasun beltzari atxikiko zaiona, eta bizioa, bizioa nonahi.

Eta han, errebalean, fabrikaz inguraturik Gramsciren hilobira inguratuko da poeta, aldare batera bezala. Bere kontraesanen berri emango dio Pasolinik pentsalari komunistari: zuk zirriborratu zenuen ideal hori zeinak argiztatzen baitu/ (baina ez guretzat: zu, hilik, eta gu hilik ere bai, zurekin lorategi/ umelean) isiltasun hau… Harengana doa bere irrits estetikoaren bizioa erakutsiz. Handik, alderdiaren festa batera garamatza liburuak, egonean laketu diren agintarien saldukeriara, haien moral xurira, Gauza baten ametsa kalitu zuten horiengana.

Iñigo Roque Eguzkitza

LasCenizas

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)