Irati Bediagaren liburu gomendioa
Anna Gavaldaren Juntos, nada más (Seix Barral, 2004) liburua proposatu diguAsteazkena, 2014-02-19Irati Bediaga Galdakaon jaio zen, 23 urte ditu eta iaz bere lehen liburua plazaratu zuen: Beldarren hegaldia (Elkar), 10 urtetik gorako gaztetxoei zuzenduriko ipuina. Lehen pertsonan idatzitako narrazioa da. Nahia 10 urteko neskatila bat da, inguruak bultzatuta ballet ikasteko izena ematen duena, baina ez da oso eroso sentitzen dantza klasikoan. Haurtzaroan izaten diren beldur eta konplexuak umorez eta trebeziaz lantzen ditu, baita haurraren bizitzako alderdi desberdinak ere: lagunartea, familia, barne mundua… Guztia ere sentiberatasunez eta alaitasunez kontatuta. Lan honekin, Mikel Zarate haur literaturako saria irabazi zuen. Gomendio eske hurbildu gara eta hauxe da Irati Bediagak proposatu digun irakurketa: Anna Gavaldaren Juntos, nada más (Seix Barral, 2004).
Anna Gavaldak idatzitako istorioa da Juntos, nada más (Jatorrizko izenburua: Ensemble, c’est tout). Duela pare bat urte irakurri nuen eta ez dut idazle honen beste libururik irakurri. Bukatu nuenean ez zitzaidan Gavaldaren nostalgia geratu, Camille, Philibert, Franck eta Paulettekin jarraitzeko beharra bai ordea. Gutxitan gertatu zait hainbat pertsonaiekiko enpatia sentitzea, denetan nire zatiren bat topatzea. Kasu honetan hala izan da.
Camille indarrik gabe geratzen ari den margolari gaztea da. Txikitasunean desagertzear dago Philibert ezagutzen duenean. Philibertek bere denbora behar du hitz bakoitza ahoskatzeko, baita bizitzeko ere. Bi pertsonaien hauskortasun gardenak talka egiten du Francken azaleko gogortasunarekin. Baina azalaren azpian mami zulatua dago. Azal eta mami horren arteko gatazkaren parte izango da Paulette, erresidentzia batean bere kabia faltan botatzen duen Francken ama.
Lau hazi ahul, elkarbizitzari esker sustraitzen hasiko direnak. Elkar ezagutzea, norbera izatea, bestearekin izatea. Bereziak dira, bakoitza bere erara, ezberdinak, eta hala ere denek dute besteen beharra. Bizirik mantentzetik bizitza bizitzera dagoen zubia zeharkatuko dute istorioan zehar, baita irakurleari berari zubi hori eraikitzeko hainbat adreilu eskaini ere.
Badaude irentsi egiten diren liburuak, lau egunetan hasi eta amaitu. Zerbait deskubritzearen beharrak aurrera jarraitzera derrigortzen zaituen horietakoak. Eta badaude mimoz eta lasai dastatzen diren liburuak. Erantzunak aurkitzeko beharrik gabe, istorioaren gozoan murgiltzeko irakurtzen direnak. Hau bigarren horietakoa da. Argumentu konplexuetatik haratago, istorio korapilotsuetatik haratago, istorio hurbila, zintzoa, humanoa.
Badakit liburu honetan oinarritutako pelikula dagoela. Badakit orrialdeetan barnako altxorra galdu egiten dela pantailaren handitasunean. Baina badakit ere, Audrey Tautou ikustea beti dela plazer.
Irati Bediaga