Aingura hegodunak

Josu Jimenez Maiaren liburu gomendioa

Toyo Shibata japoniar poetaren antologia hautatu duAsteazkena, 2014-04-02

“Japoniar guztiak ez dira samurai, Japoniako ziza guztiak ez dira shitake, eta Japoniako poesia guztia ez da haiku”. Josu Jimenez Maiaren hitzak dira hauexek. Liburu gomendio eske hurbildu gara Nafarroako idazle honengana, eta guk eskainitako tartea Japoniako poeta baten berri emateko baliatu du. Toyo Shibata poetaz mintzo zaigu ondoko lerroetan. Gomendioa igortzearekin batera, bere poema bat ere ekarri du euskarara.

Bildu eguzkiaren argia eskuekin

Japoniar guztiak ez dira samurai, Japoniako ziza guztiak ez dira shitake, eta Japoniako poesia guztia ez da haiku. Mendebaldean ez bezala, Japoniako zenbait egunkarietan ohikoa da eguneko poema argitaratzea. Horrela hasi zen argitaratzen bere poema xumeak Toyo Shibata. Emakume japoniar hau Meiji aroaren 44. urtean jaio zen,  Mendebaldeko kronologiaren arabera 1911n, baina poemak idazten eta egunkarira bidaltzen 92 urte zituelarik hasi zen. Ehun urteko olerkari baten bilduma ez da egunero ikusten, ez horixe!

"Nire poema bat estreinakoz egunkari batean argitaratu zutelarik, poz-pozik sentitu nintzen, pozaz beterik," esan zuen Toyo Shibatak. "Beste poema bat igorri nien; gero, beste bat, eta beste bat; jarraitu zuten argitara ematen. Horregatik idazten jarraitzen dut"

Poema-gaiak Tokioko bere etxean dagoelarik heltzen zaizkio, ohean edo aukian eserita dagoela. Etxe horretan azken 19 urteotan bizi izan da, senarra hil zitzaionetik.

Beste emakume batek, Kazue Shinkawa-k, poema horiek biltzeko eta antologia baten modura ateratzeko proposatu zion. Hartara, autoedizio modura atera zen Shibata-ren  lehen antologia poetikoa, Kujikenaide,  Izan bihotz,   Olerkigile berantiar zoragarri honen gaineko dokumental batek  Toyo Shibata ezagutzera eman zuen Japonia osoan, eta 42 olerkiz osaturiko liburutto horren milioi bat t'erdi ale saldu ziren 2009. urtean; Toyo Shibata-ren poesiaren arrakastaren neurria izateko, kontuan har dezala irakurleak poesia-liburu baten 10.000 ale salduz gero, liburu horrek sekulako arrakasta izan duela Ekialdeko herrialde hartan.

Bertso xume argien bidez bere bizitza-oroitzapenak berpizten ditu, senarrarekin eta sendiarekin, edo semearekin, edo zaintzaile batekin zela... Aldi berean, amets egiten jarraitzen ahal duzula erakusten dizu, zahar-zaharra izanagatik esperantza eta baikortasunerako dei egiten dizu. Hona hemen bere lehen antologiari izenburu eman zion poema,  Izan bihotz

Izan bihotz

Aditu...

Ez, ez egin hasperen

zorigaiztokoa zarela esanda.

Ez eguzkiak, ez haize leunak

ez dute aukeratzen nor jo.

Denok egiten dugu berdin-berdin amets

Begiratu niri:

garai gogorrak bizi izanda ere

pozik nago bizitzeaz

Zu ere, izan bihotz

Duela urtebete, 2012ko urtarrilean hil zen ospitale batean 101 urte zituela; lasai, minik gabe eta sufritu gabe hil zen, 67 urteko haren seme zaharrenak adierazi zuenaren arabera.  Toyo Shibata-k jarraitu zuen idazten 100 urte zituen arte, eta haren bizitzaren azken sei hilabeteetan ibiltzeko laguntza behar zuen arren, kemen eta indarrez betea bizi izan zela azken unera arte adierazi zuen semeak.

Josu Jimenez Maia

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)