Aingura hegodunak

Katixa Dolhare-Zaldunbideren liburu gomendioa

Boubacar Boris Diop-en Murambi, le livre des ossements liburua hautatu duAsteazkena, 2014-11-19

Azterketa literarioak argitaratuak zituen aurretik, baina Biribilgune (Elkar) izan da plazaratu duen lehen nobela. Itxaro Bordaren obra mirestu ez ezik, aztertu ere egin du, literatura konparatuaren bidez. Berrian  irakurri daitezke Katixa Dolhare-Zaldunbideren iruzkinak, Kultura saileko Hirudia atalean.  "Rwandan, 1994an gertatu Tutsien genozidio ikaragarriaz" mintzo den liburu bat proposatu digu. "Genozidio horren oroitzarre gisa du preseski Zulma argitaletxeak 2011n lehen aldikotz plazaratu Boubacar Boris Diop senegaldarraren Murambi, le livre des ossements eleberria bir-argitaratu".

Murambi, le livre des ossements, Boubacar Boris Dop (Zulma, Paris, 2011 ; 2014)

2014 urte honetan, kultur arlo guzietan oroitarazi digute lehen mundu gerra hastearen ehun urteak direla, eta artista ezberdinei proposamen frango eginak izan zaizkie oroitzarre nazional horren baitan parte hartzeko. Bistan dena, gerra hura izugarria izan zen, eragin handia ukan zuen ere Ipar Euskal Herrian, eta horren memoria transmititu behar da. Hala ere dolugarri zait beste oroitzarre bat arrunt isilean egonik Frantzian – ez baita harritzekorik, jakinez oraingo lehen mailako politikariak, eskuidar zein ezkertiar, gertakari haren alde ilunenetan bustiak izan zirela – : Rwandan 1994an, duela hogei urte beraz, gertatu Tutsien genozidio ikaragarria. Oharkabean, gure herri demokratiko eta oparoetan, normaltzat daukagu Afrikarrak elkarren artean gatazkan aritzea, eta haien borrokaldiek ez gaituzte, urrundik ere ez, munduko beste eskualdetan – eta gureetan bereziki – iraganak bezainbat asaldatzen. Bizkitartean, Tutsien sarraski haren bortizkeria ezin sinetsia izan zen.

Genozidio horren oroitzarre gisa du preseski Zulma argitaletxeak 2011n lehen aldikotz plazaratu Boubacar Boris Diop senegaldarraren Murambi, le livre des ossements eleberria bir-argitaratu. Eta zinez merezi du irakurtzea. Hasteko, hizkuntza biziki ederrean idatzia da, eta literatura frankofonoa deitzen den frantsesez baina Frantziatik kanpoko literaturaren deskubritzeko parada ona izan daiteke. Nobela horren interesa datza ondotik mamian : onestasun preziagarriz, lirismo patetikora nehoiz lerratu gabe, baina pertsonaien barne oinazeak zehazki eta argiki erakutsiz, idazleak potretak harilkatzen ditu, eta pixkanaka pixkanaka, inkesta bat bezala josten du bere narrazioa. Protagonistak alderdi ezberdinetakoak dira (badira Tutsiak, hiritar arruntak eta militante borrokariak ; Hutuak ere bai, matxete erabiltzaileak eta erahilketen kontrakoak), eta egoeraren konplexutasuna arras ontsa irudikatzen dute. Bestalde, gogoeta interesgarriak garatzen ditu eleberrigileak arte eta literaturaren errolaz edozoin traumatismo kolektiboek eragin zaurien artatze lanean, bereziki egiaren argiratzeko beharrezko desmartxan eta egia horren memoria transmititze prozesuan. Hausnarketa estetikoak badaude ere bai : nola aipatu eta erakutsi izugarrikeria artearen bidez, eta zoin zilegitasunaren izenean ? Azkenik, gustatu zaizkit Boubacar Boris Diopen azterketak Frantzia eta Afrikaren arteko harremanez, idazleak ahoan bilorik gabe azaltzen dituela kolonialista eta kolonia (ustez) ohien arteko loturak, jende arruntaren iritzien eraikuntzan hedabideen botere handiaren gaia ere jorratuz artetik.

Hondar solasean idazleak berak idatzi bezala, eskertzekoak dira eleberri hori kaleratzen baimendu duten Fest'Africa egitura, Rwandako gobernua, Fondation de France erakundea, bai eta Pro Helvetia fundazioa ere, irakurlea gogoetatsu ateratzen delako irakurketatik. Ni, behintzat, oraindik goiti, adiago egonen naiz Afrikatik berri ukaitean, eta ez dut gehiago pentsatuko hango kalapitak direla, Boubacar Boris Diopek dionaz, « la même vieille histoire de nègres en train de se taper dessus ».

Katixa Dolhare-Zaldunbide 

(Sarrerako argazkia: Aurore Lucas, Berria)

Boubacar

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)