Maiatz 58, eta bi poema
Asteazkena, 2014-05-21Maiatz aldizkariaren 58. alea zabaldu berri dute, 2014ko udaberriari dagokion zenbakia. Ohiko moduan, askotarikoak dira orriotako ahotsak eta generoak. Ale berri honetan pisu nabarmena du 1914ko gerrak, aldizkariaren hasierako orrietan. Maiatzek eskaini ohi dituen harribitxien artean, aipatzekoa da Jakes Lafitteren Euskaldunak Araban pastorala osorik irakurtzeko aukera. Guk Irati Murua eta Ekhiñe Egiguren Azkuneren berbak gerturatu nahi izan dizkizuegu lagin gisa.
Hauexek izan dira Maiatz-58 honetan parte hartu duten idazleak: Piarres Trounday, Juankar Lopez Mugartza, Luixa Giltzu, Lucien Etxezaharreta, Irati Murua, Estitxi Martinez Diaz, Charlotte Chorhy, Ekhiñe Egiguren Azkune, Marikita Tambourcin, Amaia Iturbide, Joseba Aurkenerena, Ainara Maia Urroz, Jakes Sarraillet, Eric Dicharry, Txomin Peillen, Eñaut Etxamendi, Itxaro Borda, Jakes Lafitte, Xipri Arbelbide. Egile horien testuekin batera, liburu iruzkinak eta literaturari buruzko albiste zenbait.
Ahalegin berezia egin dute ale honetan 1914ko gerraz gomuta egiteko, hainbat testuren bitartez. Maiatzeko kideek berauek azaldu dute zergatia: “guti aipatua izan da gerla hau euskal literaturan, gehienetan frantses politikaren alde baizik. Bertsolari batzuek gerlaren goraipamenezko bertsuak idatzi eta eman zituzten, baina badira ere dolamen izigarri baten oihartzun agertu zirenak. Aipatzeko da ere Matxinek, bertsolari senpertarrak, eman zituenak gerla salatuz, Maiatz aldizkari hontan Henri Duhauk azaldu zaizkigunak.
Aldizkariaren ale honetan gaiari buruzko bost lan bildu dituzte: “desertoreen eta intsumituen gaia, aspaldikoa zena ere Luisaren testuan agertzen da, Bernard Haundiaren kontakizunarekin. Eta honekin batean dei bat irakurle eta idazleei, hitza har dezazuen oraindik gure zauri barnakorra den gai honetaz idazteko”.
Jarraian, aldizkarian topatzen ahal diren bestelako sortetatik hartutako bi poema:
Ipuina, Irati Murua
Eta arreba idazten hasten da. Atzeraka.
hasieran kontenitzen dela akabera
eta hariak lotuta doazela. nik
txotxongilo bat imajinatzen dut halakoetan buru
esku eta hanketatik sokak jarrita
oinez bizkarka marioneta
Atzeraka idatzi behar dela diosku arrebak
eskribitu beharrean utibirkse edota halako zerbait akaso
bukaera sabotajea dela
katastrofe bat, sute, urakana edota lurrikara filmetan
leitzean jota bertan utziko zaituena. Jostailu hautsi bat
Big bang txiki bat
bitxia deskontzertantea sinplea
Errepikatzen diren urratsak lirateke gero argiaren tratamendua
arnas jokoa zigarroa, baina manerak eta manerak daude eta arreba
atzeraka idazten hasten da.
Norbere existentziaz trufatzeko tartea da
suizidio txiki bat
eta gustatu egiten zaio
Manerak eta manerak omen daude, amaiera aurreratzea kasu
karga desplazatu eta gero arnasa kontenitu
kontenitu halako korapilo bat sumatu arte eztarrian
ezpainak more, lepoan bena puztu eta eroan
tentazioari heldu
Amak ez du poemarik idazten, Ehiñe Egiguren Azkune
Ahizpak ez du poemarik idazten,
Eta segur aski jada ez du poemarik idatziko.
W. Szymborska
amak ez du poemarik idazten
baina noizbehinka
garuna zulatzen didan zerbait atzematen du
bala ala gezia
puzzlea desegiten duen pieza
amak ez du poemarik idazten
eta halere arma artean aitortzen dit
adin batetik aurrera bi multzotan zerrendatzen dela bizitza
gaur ala sekula
bizi ala iraun
amak ez du poemarik idazten
alabaina
bere hatz oskolpetan uzkurtzen ikusi ditut inoiz
orrian idaztera ausartzen ez naizen hitzak
berriro hasierara bideratzen nauten akatsak
amaren hautua da
-zurruna
ezbairik gabekoa-
poemarik ez idaztea
hargatik bizitzak aurrera darrai
garun luzatu, zerrenda eta orri zurien kontra
Maiatzek 2 ale ateratzen ditu urtean, eta 20 euro kostatzen ditu harpidetzak. Izen emateko email honetan egin daiteke: maiatz@hotmail.fr