Aingura hegodunak

Mari Luz Estebanen liburu gomendioa

Hallgrimur Helgason idazlearen Una mujer a 1000º proposatu diguAsteazkena, 2014-03-05

Mari Luz Estebanek Amaren heriotzak libreago egin ninduen izeneko poesia liburua kaleratu zuen iaz Pamiela argitaletxearen eskutik. “Askatasuna, heriotza, maitasuna, semealabatasuna, adiskidetasuna, amatasuna/gurasotasuna, sexualitatea, desira, ‘emakume izatea’, denbora” bezalako gaiak landu zituen. Solaskide izan genuen Hitzen Uberan. Orain, liburu gomendio batekin datorkigu. Hallgrimur Helgason islandiarraren Una mujer a 1000º (Lumen, 2013) proposatu digu. “Historiarako pertsonaia oparitu digu: Herra. Ez da izen euskalduna baina noiz edo noiz kasualitate bikainak gertatzen dira”, Mari Luz Estebanek ondoko gomendioan aipatzen duenez.


Hallgrimur Helgason: Una mujer a 1000º (Lumen, 2013)

(Itz.: Enrique Bernárdez Sanchís)

80 urte ditu eta Reykjavik-eko garaje batean bizi da, oheari loturik. Bere ondare guztia: internetera konektaturiko ordenagailu eramangarri bat, zenbait tabako-pakete eta eskuko granada zahar bat. Noiz hilko den erabakia du eta hitzordua egina du errausketa-labe batean. Bien bitartean, dramaz eta bitxikeriez jositako bizitza kontatzen digu, XX. mende osoko historia kritikoa ere badena. Aitona Islandiako lehen presidentea izan zen eta aita nazien alde aritu zen; seme bat galdu eta besteengandik urrundua dago aspaldi; gizonenganako maitasuna eta desira ezagutu arren beraien gutxiespena eta indarkeria ere dastatu ditu behin baino gehiagotan...

50% errealitate eta 50% fikzio, zorroztasunaz eta ironiaz idatzi du bere herrian polemika piztu duen liburu hau Hallgrimur Helgason idazle, kazetari eta margolari islandiarrak. Eta Historiarako pertsonaia oparitu digu: Herra. Ez da izen euskalduna baina noiz edo noiz kasualitate bikainak gertatzen dira.

Orokorrean ez naiz eleberri luze zalea; une batean edo bestean egileak adarretatik joaten direla iruditzen zait. Baina 640 orrialde hauetan gutxi dago soberan. Emakume askeak eta lotsagabeak gogoko badituzu, hau da zuretzako liburua.

Mari Luz Esteban

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)