Aingura hegodunak

Mikel Ibargurenen liburu gomendioa

Nâzim Hikmet turkiarraren obra poetikoa ekarri du gogoraAsteazkena, 2014-02-05

Berreskuratu beharreko poeta eta pertsona da Nâzim Hikmet turkiarra. Hala dio Mikel Ibarguren idazleak. Eta horregatik bere liburu jakin bat baino, bere obra poetiko osoa proposatu nahi digu. Dimentsio handiko poeta eta gizakia iruditu izan zaio beti: "Hikmeten poesia poesia bitala dela esango nuke. Poemek askotan anekdota edo detaile baten garapenak dirudite; sinpletasunetik abiatu eta poema egin arteraino heltzen direlarik. Plazer bat da bere literatur lanak irakurtzea".


Nâzim Hikmet, orainaldiko poeta

“Ni Gizakia/ni Nâzim Hikmet poeta turkiarra ni/kartsua oinetatik bururaino/oinetatik bururaino borroka/ni, esperantza baino ez”. Poema honekin ematen dio hasiera Gallimard argitaletxeak atondutako Il Neige dans la nuit ( Elurra ari du gauean) poema-liburu antologikoari. Hasierako poema horrek ezin hobeto laburbiltzen du poetaren soslaia, poeta eta gizakia edota gizakia eta poeta banaezinak baitira Nâzim Hikmeten baitan.

Bere prosa poetikoa apaingarririk gabeko jarioa da eta irakurtzen hasi ahala lotu egiten zaitu, zuzena baita bere hitza,  berdaderoa, arestian aipatu bezala, poeta eta gizakia bat-bedera baitira. Poemarik gehienak Turkiako Bursako kartzelan idatzitakoak dira eta horrenbestez esango nuke bere literatura testigantza poetizatua dela hein handi batean, kartsua izateaz gain, erresistentziari eta esperantzari kantatzen baitio bere bizitza zaildu eta korapilatsuan.

Bi aldiz hiltzen saiatu ziren eta kartzela ez ezik, exilioa ere ezagutu zuen. Eta horrek guztiak bere arrastoa utziko du literatur emari guztian. Baina askatasun gosez eta justizia egarriz ibiltzeaz gain, maitasunaz, elkartasunaz, borrokaren beharraz eta munduaren edertasunaz ere idatzi zuen. Gauza guztien gainetik gizon umil eta handi bat ezkutatzen baita poetaren azalean. Hikmet erromantikoa zen komunista zelako edota komunista zelako maite zuen dena. 13 urteko isolamenduak erasanda eta osasunez pattal egonagatik gose grebak egiten hasiko zen  kide guztien harridurarako. “Okerrena ez da gatibu egotea -idatzi zuen- ez errenditzea da kontua”.  Gatibu egon arren, bere arima libre dabilkion poeta bat da, Hikmet. Zerbaiteagatik deitzen zioten denek “Maisu”, kartzelako zuzendariak barne.

Nâzim Hikmeten obra poetikoa irakurriz Nâzim Hikmet gizakia ezagutu dudala esango nuke, izan ere poema bakoitza bere bizitzaren ispilu garbia da. Berea gizakiaren neurrira egindako poesia baita, poetak  gizakia eta gizakiak poeta egiten duen heinean. Batak bestea elikatzen du. Gizakiaren bizitza poetarena baita eta bizitza eta borroka bizi osoko borrokaren aurkia eta ifrentzua dira. Zail egiten da benetan gizakia eta poeta bereiztea.

Hikmeten poesia poesia bitala dela esango nuke. Poemek askotan anekdota edo detaile baten garapenak dirudite; sinpletasunetik abiatu eta poema egin arteraino heltzen direlarik. Ironia ere (ironia erlatibizatzailea) arma saihestezina du Hikmetek. Salonikan sortua izan arren, ez zen gehiago sorterrira itzuliko, itzultzea ez zuelako maite. 1963. urtean Moskun zendu zen poema batean idatzita utzi bezala. Hirugarren solairu batean, hilkutxa igogailuan sartu ezinik eta eskailerak estuegi zituela.

Hikmeten poesia, batez ere, bere historia subjetiboa da, baina historia subjetibo hori jendarte objetibo baten barnean kokatua beti ere. Iragana eta oraina lotzen dituen poesia da, “ni hogeigarren mendekoa naiz eta harro nago” dio bere poetikak. Futurismo errusiarraren eraginez (agian), jendarte berri bati, oraindik sortu gabeko jendarte horri zuzentzen zaio etengabe poeta. Etorkizunean eta honek lekarkeen esperantzan fedea ezarrita nonbait.

Aipatutako guztiagatik Hikmet ez da, nire aburuz, haien poeta bakarrik, guztiona baizik.

Mikel Ibarguren

Nazim Hikmet, 1902-1963

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)