Mikel Valverderen liburu gomendioa
George Pelecanosen Sin retorno liburua aholkatu diguAsteazkena, 2014-03-19Honakoan, Mikel Valverde artista plastikoarengana hurbildu gara liburu gomendio eske. Begi onez hartu du gure eskaintza eta, bueltan, George Pelecanosen Sin retorno liburuari buruzko lerro hauek igorri dizkigu. Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabalekin batera, Jainko txiki eta jostalari hura (Elkar) disko liburuan hartu du parte Mikel Valverdek. Horretaz gain, liburu askotako portadak ere bere sinadura daramate.
George Pelecanosen liburuaren azalak The Wire telesailaren gidoilari gisa aurkezten du egilea. David Simonek sortu eta HBO kanalean estreinatua izan zen telesail honen kapituluak ikusten nituen bitartean, Baltimore hirian gertatzen ari ziren hainbat istorio sinesgarriren lekuko sentitzen nintzen.
Pelecanosen liburuetan sentsazio horiek are gehiago nabarmentzen dira, egia arnasten duten orrialdeei esker.
Sin retorno liburuaren akzioa Washington hirian kokatzen da eta hiruzpalau eskenatokietan garatzen da, baina irakurketari oparotasuna emango dioten toki gehiagoren premiarik ez du sentituko irakurleak. Artifizialtasun faltan datza liburu honen bikaintasuna, eta solasaldi eta eta deskripzio bakoitzaren zuzentasunean. Pintzeladen bitartez, pertsonaien bizitzak marraztuz.
Liburua, bi zatitan bereiztua, erritmo ustez pausatuan irakurtzen da hasiera batean, hori igartzen da pertsonaien aurkezpenetan. Eztanda egitera iristen ez den tentsioa nabari da. ‘Papas e hijos’ jatetxeko nagusiaren seme Alex Pappas bi lagunekin batera auto batean beltzen auzo marginal batean murgiltzen denean, sei gazteren bizitza baldintzatuko duen gertaera jazoko da.
Arratsalde hartan gertatutakoagatik estigmatizatuta dauden gazte horietako batzuen bizitza izango da liburuaren bigarren zatiak islatuko duena. Gertaera eman zenetik urte batzuk pasa ondoren, pertsonaia horien bizitzak gurutzatuko ditu idazleak. Eta zehatz bezain aberatsa den hizkuntza literario baten bitartez egingo du. Akontezimenduak azalduko ditu aparteko osagai edo adrenalina dosirik gehitu gabe. Modu erreal batean azalduko du, nola gazte batek bere bizitza izorratuko duen ezetz esateko adorea ez izateagatik.
George Pelecanosen talentu handiari esker, Alex Pappasen tristura bezain gertuko egingo zaigu Washington hiria, Charles Bakerren garraztasuna edota Raymond Monroe-ren kulpa-sentimendua.
Mikel Valverde