Poema bat, Karmele Jaioren eskutik
Asteartea, 2015-09-08“Atera egin zait”. Hala adierazi zuen aurreko astean hedabideen aurrean egin zuen aurkezpen ekitaldian. Ez naiz ni (Elkar, 2012) ipuin liburua plazaratu ondoren etorri zitzaion Karmele Jaiori poesia idazteko bulkada. Horren emaitza da gaur Donostian errezitaldi bidez aurkeztuko duen lana: Orain hilak ditugu (Elkar, 2015) poesia liburua. Bidelagun izango ditu Aitor Agirre eta Triku Villabella kitarrajoleak, eta Ander Elorza zinemagilea. Donostiako Victoria Eugenia antzokiko klub aretoan, iluntzeko 20:30etik aurrera, Poesia Orduak zikloaren baitan. Aitzakia honekin, prentsaurrekoan errezitatu zuen poema bat eskaintzen dizuegu.
HITZ HORIEK
Nahiko nituzke hitzak
biluzik.
Ume batek lehenbiziko
aldiz erabiltzen ditueneko
zentzuaz.
Nahiko nituzke hitzak
arrautza-irinetan pasatu gabe,
uretatik atera berritako
arrainak bezain distiratsu.
Nahiko nituzke paretan gogor
jotzen duten pilotak,
oihartzuna sortu eta
bizi-bizi bueltan datozenak.
Nahiko nituzke
urdail barreneko hitzak,
azukrerik gabekoak,
uxualaren egia dutenak,
aldi berean eder
eta deserosoak,
adli berean irrika eta
bihotzerrea sortzen dutenak.
Nahiko nituzke
haragi bihurtzen diren hitzak,
erditze gelako
jaioberri likatsuaren antzera,
bizitzen hasi baino lehen
bizitzak zikinduta daudenak.
Karmele Jaio, Orain hilak ditugu (Elkar, 2015)