Aingura hegodunak

"Sutondoko kontuak" liburuko lagina

Astelehena, 2015-11-09

Txerra Rodriguezek Sutondoko kontuak liburua autoeditatu du. Jarraian irakurri dezakezue liburuko lagin bat, eta HEMEN egileari egindako elkarrizketa laburra.

AEROPONIKOAK

Hizkuntza ez da Balentziagaren museoko perlaz eginiko soineko bat, baizik eta egunero erabiltzen dugun kamiseta erosoa. Asisko Urmenetaren berbak dira hauek. Egunero erabilerarekin zikintzen dugun kamiseta erosoa, gehituko nuke nik. Egunero berria den kamiseta erosoa.

Sechu Sendek, ordea, berba aeroponikoei buruz ohartarazten gaitu. Berba horiek dira lurrari atxikita ez daudenak, uzta aeroponikoak legez. Lurrari lotuta ez daudenak. Komunitateari lotuta ez daudenak, gehituko nuke nik.

Hizkuntza da komunitate batek errealitatea ulertu eta eraldatzeko duen tresnarik garrantzitsuena. Munduari egiten dion ekarpenik garrantzitsuena. Izan ere, zer da ba hizkuntza menderik mende gugana heldu den metafora saldoa ez bada? Komunitatearen eta norberaren (eta akaso hori da berezien egiten duena) beharrizanetara egokitzen, moldatzen, eratzen, bihurritzen den tresna perfektua da hizkuntza.

Beraz, lurrari lotuta dagoen komunitatearen adierazpen gorena dugu hizkuntzaren kamiseta erosoa.

Hala ere, gu barik, hizkuntza ez da ezer. Pertsona barik hizkuntzek ez dute baliorik, ez dituzte euren metaforak berritzen, ez dute bizitasunik. Izan ere, gu geu gara hizkuntzak biziarazten ditugunok, edo hilarazten ditugunok.

Nolanahi ere, zenbat zentimetro gara estalagmita baten bizitzan? Zenbat segundo gara hizkuntza komunitate baten bizitzan? Hala ere, estalagmita egiteko ur tanta guztiak dira beharrezko, ezinbesteko, guzti-guztiak. Hizkuntza komunitate batean hiztunak berdin.

QUILOMBO

Brasilen ihes egiten zituzten esklabo beltzek oihanera jo ohi zuten. Oihanean bizirauteko elkartu egiten ziren ihes egindako beste esklabo batzuekin eta komunitateak sortu. Horiek dira, hain zuzen ere, izenburuko quilomboak. Komunitateak. Komunitate autoeratuak.

Ubuntu ere jatorri afrikarreko berba da, quilombo bezala. Esangura bat baino gehiago ei ditu. Baina hedatuena, antza, “ni naiz gu garelako” da. Honi lotuta pasadizoa kontatzen da. Antropologo (?) batek ume batzuei jokoa proposatu zien: zuhaitz baten ondoan fruituez betetako saskia jarri zuen. Umeei esan zien heltzen zen lehenari saski osoa emango ziola. Umeek elkarri begiratu, besoetatik elkar oratu eta batera egin zuten korrika, eta batera gozatu sariaz.

Antropologoak, orduan, harriturik galdetu egin zien zergatik: eta umeek ubuntu erantzun. Ni naiz gu garelako, alegia. Ubuntu da etxeko ordenagailua piztu eta ikusten dudan lehen berba. Izan ere, software libreko sistema eragile nagusiak Ubuntu du izen eta filosofia.

Gure etorkizuneko euskarak ere quilombo-ak eta ubuntu-ak beharko ditu.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)