Aingura hegodunak

Txani Rodriguezen liburu gomendioa

Iñaki Uriarteren Diarios (1999-2003) liburua proposatu diguAsteazkena, 2014-05-28

Kazetari, gidoilari eta idazle da Txani Rodriguez. Gazteleraz ipuin bilduma bat, El corazón de los aviones (2006), eta bi nobela argitaratu ditu: Lo que será de nosotros (2008) eta Agosto (2013). La carrera del sol izeneko komikiaren egilea ere bada. Iaz, euskarazko lehen sormen lana plazaratu zuen: Artzaina izan nahi dut, eta zer? (Elkar) izenekoa, Jokin Mitxelena ilustratzailearekin batera egina. Liburu gomendio eske jo dugu beregana eta Iñaki Uriarteren Diarios (1999-2003)liburua proposatu digu, Pepitas de Calabaza argitaletxeak 2011n plazaratua.


Aparteko egunerokotasuna

Iñaki Uriarte, 64 urte zituelarik, literaturgintzan azaldu zen lehenengo aldiz. 2010 urtea zela, Diarios (1999-2003) liburua plazaratu zuen Pepitas de calabaza argitaletxean. Momentu hartan, literaturaz zipriztindutako eguneroko zoragarri bat jaso genuen, eskarmentu, pasadizo eta barne-hausnarketez beteta zegoena. Uriartek adiskide batekin mintzatzen egongo balitz bezala idazten du. Beraz, oso estilo garbikoa da bere idazkera, erretorikatik erabat aldentuta.

Ohartxo hauek bere kolkorako idatzi zituela badirudi ere, liburu hau edonori interesa dakioke azken urteotako argazki pertsonala eta zintzoa eskaintzen baitu. Beste aldetik, literaturzale amorratuenek disfrutatuko dute irakurketa honekin, beste idazleen oihartzuna ozenki entzuten baita. Besteak beste, Borges edo Montaigne-ri egindako aipuak aurki ditzakegu. Ezinezkoa da, noski, Uriarteren adierazpen guztiekin ados egotea baina horrela izanda ere nekez uka genezake bere idazkeraren dotorezia eta bere hitzen egiazkotasuna.

2011n Iñaki Uriarteri Euskadi Literatura Saria eman zioten gaztelerazko saiakera atalean; urte berberan Diarios (Segundo volumen. 2004-2007) argitaratu zen.

Txani Rodriguez

Diarios (1999-2003) liburuko azala da hauxe.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)