Aingura hegodunak

Unai Baztarrikaren liburu gomendioa

Joxean Agirreren Adiskide bat nuen (Elkar, 2013) hautatu duAsteazkena, 2014-09-24

Blas de Otero-Bilbo Uria Nazioarteko VI. Poesia Lehiaketa irabazi zuen iaz. Sariketara aurkeztu zituen poemekin osatu du bere lehen liburua: Ezinbestean (Erein, 2014). "Inoiz irmo izandako sentipen eta ideien dekadentziaz hitz egiten dut", hala aitortu zigun Hitzen Uberan izan genuen solasaldian. Orain, gure enkarguari erantzunez, liburu gomendio batekin dator gure artera. Liburu bat proposatzeko eskatu eta Joxean Agirreren azken nobela hautatu du: Adiskide bat nuen (Elkar, 2013). Unai Baztarrikaren iritziz, "erabiltzen duen ironia finak harilkatzen du nobelaren mamia eta protagonista-narratzailearen izaera anbiguoari forma ematen dio bide batez".

Onartu behar dut Joxean Agirreren libururik irakurri gabea nintzela baina sorpresa ederra izan da estiloaren garaiotan hain idazkera berea duen idazle bat aurkitzea. Nobela atsegina iruditu zait, xaloa, jauzi handirik gabekoa baina irakurlea, nola jakin gabe, orriz orri lotzen duen horietakoa. Narratzailearen 3 istorio tartekatzen dira, banaketa argia izan gabe inoiz eta jolasa ere bilatu du horretan Joxean Agirrek. Politika eta sexua ageri dira etengabe baina fantasia eta errealitateren muga ezdeusa iruditu zait nobelaren bereizgarritasun handiena. Askotan zaila da asmatzen fantasiaren edo nobelaren ildo kronologikoan dantzan ote dabilen idazlea baina maisuki lortzen du bi errealitate horiek nahasi eta sinesgarri bihurtzea. Erabiltzen duen ironia finak harilkatzen du nobelaren mamia eta protagonista-narratzailearen izaera anbiguoari forma ematen dio bide batez. Bestalde, bete betean neure sentitu dudalako agian baina gogoangarria eta gordetzekoa iruditu zait lotsa eta lotsatien aldeko manifestua den nobelaren zatia, Garibaldiren alaba Mareni lotsatien bertuteez hitz egiten dionean. Finean, plazer hutsa izan da nobela hau irakurtzea eta gomendagarria iruditzen zait euskal literaturan bere tokitxo berezia irabazi duen egilearen azken lan hau.

Unai Baztarrika

JoxeanAgirre

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)