Amuak

Joyceren 'Hilak' eta elurraren oihartzuna

Igandea, 2011-03-06

Irakurketa gomendio batekin gatoz gaurkoan. James Joyceren Hilak ipuina, Dublindarrak bilduman topa daitekeena. Zer du ipuin horretako elurrak, bizidunon hatsa estaltzeko? Euskal literaturan topatutako oihartzun batzuk ekarri dizkizuegu lerro hauetara.

Hilak ipuinean James Joycek hogeita hamaika aldiz aipatzen du elurra. Elurra egunerokora eta ustez axolagabeak diren keinuetara ekartzeko modu ugari. Amaierak astinduko du zuria hitzen beltzetik:

'Arima kordegabetzen zihoakion, eta elurra entzuten zuen unibertsoan barrena ilaunki erortzen, eta erortzen, ilaunki, beren azken buruko jaitsiera bezala, bizi eta hil guztien gainera'.

Irene Aldasorok egindako itzulpenetik atera ditugu hitzok.

Idazleek eta -funtsean- irakurleek sarritan aipatzen duten ipuina da Hilak. Dublindarrak bildumako borobilena dela irakur daiteke kritika askotan. Markos Zapiainek honela laburtu zuen haren funtsa 2000. urtean Euskaldunon Egunkarian egindako kritikaren amaieran:

'Azken ipuina, Hilak, ospetsuena da. Gabriel Conroy, dublindar idazlea, nazionalistak eta irlandera gutxiesten dituena, gurago goi mailako kultura kontinentala, bere izeben etxera doa, Irlandako mendebaleko bere emaztearekin, urte berria ospatzera. Edan, abestu eta barre egiten dute. Hotelean, oheratzean, bero Gabriel, emazteari galdetzen dio ea zerk eragiten dion nabari duen tristura. Emazteak: afarian entzun duen kantu batek gazte denborako mutil-lagun bat oroitarazi dio, gas fabrikako langile tarro bat. Hamazazpi urte zituela hil zen. Gabrielen jelosia. Nolatan hil zen, biriketako gaitzen batek joa? Ez, niregatik.

Ordutik aurrera Gabrielez jabetzen den emozio piloaren adierazpena, literatura sakratua da. Maitasunez hiliko gazte umila, askoz ere biziago dago bere emaztearen bihotzean bera eta bere kosmopolitismo mespretxatzailea baino.

Baina-elurra ari du, emaro. Eta elurrak biltzen ditu listoak eta ezjakinak, mozkorrak eta apaizak, emakumeak eta malderrak, hilak eta biziak.

Eragin bitxia sortzen du ipuinak irakurlearengan. Hasiera batean astindu handiegirik gabe lerrokatuko da narrazioan: gabon gaueko afariak luze joko du, erreferentziaz josirik airean galtzen diren eztabaidetan, protagonisten izaeraren zamak ezusterik gabe mugitzen duen denboran. Amaituko da afaria, hotelerako bidea egingo dute Gabrielek eta Grettak. Orduan hartuko du ezustea irakurleak, Grettak bertan kontatuko duenarekin, aitortzeko moduarekin. Horren ondorioz sortuko zaio Gabrieli gogoeta luzea, afariaren aire oro errotik astinduz.

Kontrastea xumea bezain eraginkorra da. John Hustonek zehaztasun handiz islatu zuen ipuinak sortzen duen sentsazioa The dead izeneko filmean. Bere azken lana izan zen, Angelica alabak jokatu zuen Grettaren rola, Tony semeak idatzi zuen gidoia. Bere zine-testamentua dela esan izan da, 80 urterekin zuzendu zuen filma gaixo zelarik eta ez zuen estreinaldirik ezagutu. Hustonek 1987an ipuina zinema bilakatu ostean sarritan ekarri dira biak gogora, elkar osatuz ia.

Beñat Sarasolak 'Erlea' aldizkariaren bigarren alean bere 'Zorionez' (Alea, Susa 2009) poemaren atzeko aldea aztertu zuen, besteak beste honakoa aipatuz:

'Zorionez' poema James Joycerren Hildakoak ipuina aldean nuela idatzitakoa da. Nire adiskide Andreu eta biok garai berean irakurri eta komentatu genuen ipuina, eta hango burutazio eta iruzkinetatik abiatuta idatzi nuen. Agortzearen edo amaieraren inguruko poema dela esango nuke. Elurrak, Joyceren ipuinaren bukaeran, horixe ematen du aditzera nolabait, bere eta bizitzaren ezinbesteko amiltze etengabea.

Sarasolak amaieran John Huston ere ekartzen du gogora, hala poeman nola artikuluan.

Euskal literaturan bada biei erreferentzia egiten dien erreferentziarik. Hauxe Iñigo Aranbarriren Zulo bat uretan (Susa, 2008) liburuan aurki daitekeena:

Elurra ari zuen soroetan eta hilerriko hormaren bizkarrean, elurra baratxe teila, barruti eta hilarri gainetan, elurra tximinietatik ateratzen zen ketan zuritzen, elurra, nola dio Joycek, nola gero John Hustonek testamentuan, elurra entzuten zuen unibertsoan barrena ilaunki erortzen, eta erortzen, ilaunki, beren azken buruko jaitsiera bezala, bizi eta hil guztien gainera.

Literatura ona irakurleak bere buruari egindako itaunketa bilakatzen ahal da. Nolakoa da Hilak irakurrita norberak topatuko duen elurra? Paperean erantzuna Alberdaniak kaleratutako liburuan aurkitzen ahal da, sarean Euskarari ekarriak gunean.

Argazkiak

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)