Amuak

Anartz Izagirreren bi poema

Ostirala, 2016-05-13

Anartz Izagirre Zubimendik (Azpeitia, 1994) Forma geometrikoak zure baitan izeneko poesia lana plazaratu du Bermingham argitaletxearen eskutik (Pasaia Hiria-Xabier Portugal lehiaketa). Edizio berean doa Garazi Ugalde Pikabearen Morfologiak. Jarraian, Anartz Izagirreren bi poema irakurri ditzakezue.

E(K)LIPSEA

Konturatzen al haiz,

hire orbitan noraezean dabiltzan euli horietaz?

 

Eguzkia bera ere ez dun ateratzen atrebitzen.

Ezkutuan zagon,

izuak jota,

ilargia noiz aterako zain.

 

Begiratu ezan ingurura,

eta aztertu eulien ibiltarte eliptiko hau.

Ez diten hortik kanpoko ezer bilatzen,

barrukoa soilik,

hi eta nire arteko distantzia honek soilik axola din,

ez beste inork, ez ezerk.

Nik hi erdietsi nahiak

berdurtzen ditun euliak.

 

Eta jakitun al haiz,

hi eguzkia bahintz,

eta ni ilargia,

sor litekeen eklipse indar guztidunaz?

 

Puntu bi bilaka nahi gaitizten.

Geldirik egongo diren bi puntu gatzil.

Eurek nahi diten,

hi eta nire arteko distantziaren jabe izan.

 

Askatasuna ez dun elipitikoa, ordea.

Ortzimuga zeharkatzea ez dun horren nekeza,

alboan bahago.

 

Izan hadi igel.

Irentsi euliak.

 

 

KUBOA

Badira ikusten e diren hormak,

sentitzen ez direnak,

-sentitzeko aukerarik ematen ez digutenak-.

 

Badira zeharka ezinezko hesiak,

osatu gabe daudenak,

zibilizazioranzko hesiak balira lez margotzen

dizkigutenak,

eta horretaz jabe izan arren,

eraitsi gabe daudenak.

 

Txarrantxak,

hesi ez direnak, baina txarrantxa ere ez direnak,

alanbre hibridoak.

 

Perspektiba.

Hesiak banatzeko al dira?

Ala pasatzen ez uzteko?

 

Oreka bila gabiltza,

etengabe.

Desoreka argia da,

edonoren ikuspuntutik.

 

Orekatzeaz ari garenean,

batzuek,

desoreka dute buruan, ordea.

 

Mundua,

(des)oreka inperfektua,

kubo perfektu batean.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)