Amuak

Angélica Freitasen bi poema

Asteartea, 2020-05-05

Amu honetan, Angélica Freitas poeta eta itzultzaile brasildarraren bi poema euskaratu ditugu, biak ere um útero é do tamanho de um punho [umetokia ukabil baten neurrikoa da] liburuan bildutakoak.

Angélica Freitas poeta eta itzultzaile brasildarra aurkeztu nahi dizuegu amu honetan, eta, horretarako, haren bi poema euskaratu ditugu, biak ere um útero é do tamanho de um punho [umetokia ukabil baten neurrikoa da] liburuan bildutakoak. 2013an argitaratu zuen liburu hori Freitasek. Bigarren argitalpena du, 2007an kaleratu baitzuen Rilke Shake poema-bilduma, eta oraingoz, ez du besterik kaleratu paperean. Edonola ere, modo de usar & co izeneko aldizkari digitala kudeatzen du, Marília Garcia eta Ricardo Domeneckekin batera, non, besteak beste, poeta gaztelania-hiztunen lanak itzultzen baitituzte portugesera.

Zazpi atalek osatzen dute Freitasen liburua, eta aipatzekoa da era askotako erreferentzien ugaritasuna (hala goi-mailakotzat nola behe-mailakotzat jotzen diren kulturaren aipamenak) eta, orobat, “emakumea” hitzaren presentzia. Liburuko bi atal hautatu eta poema bana euskaratu dugu. Kriller17ediciones argitaletxeak gaztelaniaz eta portugesez kaleratutako itzulpena hartu dugu oinarritzat, Paula Abramok apailatu eta itzulitakoa.

Batetik, "emakumea eraikuntza bat da" atalari izenburua ematen dio poema ekarri dugu, ondo biltzen baitu Freitasek liburu osoan zehar emakumearen izateari buruz adierazten dituen hausnarketa-moduak.


 

emakumea eraikuntza bat da

 

emakumea eraikuntza bat da

izan behar du

 

emakumeak, funtsean, izan behar du

gela-sorta bat

denak berdinak

denak zapalak

kolorea baino ez da aldatzen

 

ni neu, zehazki, emakume bat naiz

adreiluak agerian dituena

gizarte bilkuretan neu izaten naiz

okerren jantzita doana

 

kazetaria naizela diot

 

(emakumea eraikuntza bat da

zulo gehiegi dituena

 

etenik gabeko jarioa

 

prentsa arrosa arduratzen da

estolda-kontuen ministerioaz

barkatu

prentsa arrosan ez da kakarik aipatzen)

 

zu emakumea zara

eta bat-batean bitar eta urdin esnatuko bazina,

eta egun osoa pasako bazenu argia piztu eta itzaltzen?

 

(atsegin duzu brasildarra izatea?

virginia woolf deitzea?)

 

emakumea eraikuntza bat da

makillajea, berriz, kamuflajea

 

emakume orok du gizonezko gay bat lagun gisa

bai polita dela lagunak izatea

 

lagun guztiek dute gizonezko gay bat lagun gisa

zeinak emazte bat baitu

fred astaire deitzen diona

 

hona iritsita, berandu da

freud kafetegiko psikologoek

elkarri begiratu eta irribarre egiten dute

 

ezer ez da aldatuko–

 

ezer ez da inoiz aldatuko–

 

emakumea eraikuntza bat da

 


 

Freitasen poesian toki nabarmena dute teknologiak eta oro har poetikotzat jo ohi ez diren elementuek. Esperimentazioa eta korronte dadaistaren oihartzunak ere nabari ditzakegu, bestalde, “hiru poema, googlen laguntzaz” izeneko atalean. Izenburuak berak adierazten duenez, Freitasek google bilatzailearen laguntzaz osatu ditu poema batzuk, hain justu ere esaldi bat googlen sartuz eta erantzunak bildu eta ordenatuz. Atal horri dagokio jarraian itzuli dugun poema, “emakumeak nahi du” izenekoa.

 


 

emakumeak nahi du

 

emakumeak nahi du maitatu dezatela

emakumeak nahi du tipo aberats bat

emakumeak nahi du gizon bat konkistatu

emakumeak nahi du gizon bat

emakumeak nahi du sexua

emakumeak nahi du gizonak adina sexu

emakumeak nahi du sexuaren aurreko prestaketak ahal bezain poliki egin daitezela

emakumeak nahi du berataz jabetu daitezela

emakumeak nahi du matxo batek goberna dezala

emakumeak nahi du ezkondu

emakumeak nahi du bere senarra izan dadila bere kidea

emakumeak nahi du zaldun batek zaindu dezala

emakumeak nahi du bere umea, gizona eta etxea maitatu

emakumeak nahi du hitz egin eta bikote-harremana analizatu

emakumeak nahi du hitz egin eta botafogo futbol-taldeak nahi du flamingoren aurkako partida irabazi

emakumeak nahi du entzun diezaiozula, besterik ez

emakumeak nahi du hori baino zerbait gehiago; maitasuna nahi du, txera

emakumeak nahi du segurtasuna

emakumeak nahi du zure posta elektronikoan sartu

emakumeak nahi du egonkortasuna eduki

emakumeak nahi du vodafone

emakumeak nahi du kreditu-txartel bat eduki

emakumeak nahi du dena

emakumeak nahi du baloratu eta errespetatu dezatela

emakumeak nahi du banandu

emakumeak nahi du irabazi, erabaki eta gehiago kontsumitu

emakumeak nahi du bere buruaz beste egin


 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)