Asel Luzarragaren literatur gomendioak udarako
Osteguna, 2021-07-08Ikasturtean zehar idazleen apalategietan kuxkuxeatu dugu; uztailean, berriz, haien uda-gomendioak eskaintzen ari gara. Nobedade, klasiko eta liburu kuttun bana aipatzeko eskatu diegu. Gaurkoan, Asel Luzarraga.
Asel Luzarraga (Bilbo, 1971), 2003an ezagutu genuen, Hamaika ispilu ganbil lanarekin. Ordutik lan ugari plazaratu du, nobelak ia guztiak, genero anitzetan ausartuz: zientzia fikzioa, nobela distopikoa, teknonologia berriak, munduaren egoerari luzatutako begirada politiko zabal bat... haren istorioetan kezka sozial sakon batetik garatutako pertsonaiak topatuko ditugu, neurri handi batean. Denbora gutxian hiru lan ezagutu dizkiogu: Bahiketa (Txalapartarekin, ikus HEMEN elkarrizketa), Denboran zatika (Booktegirekin plazaratutako poesia lana) eta, berriena, Malthusen ezinegona (Elkar argitaletxearekin).
Liburu kuttun bat:
Egunen aparra, Boris Vianena [itzultzailea: Ramon Etxezarreta]. Urte asko joan dira irakurri nuenetik, 24, eta oraindik etortzen zait maiz burura Boris Vianek sortu zuen Paris ezinezko eta zorabiozkoa. Liburu honetan surrealismoaren itsasoan murgildu zen Boris Vian, eta hala mundu arrotz eta zentzugabe batean barnerarazi gintuen gu. Arrotza eta zentzugabea gure ohiko ikuspegitik, Hamelingo txirulariak legez, liluratuta eroango baikaitu gure gizartearen hainbat miseriaren muinera. Ikaragarria bezain irrigarria, sortu eta moldatu gaituen mundua bezala.
Klasiko bat:
Otra vez el mar, Reinaldo Arenasena. Latinoamerikako literaturak eman duen idazlerik onenetakoa eta batez ere askeena izan arren, edo horrexegatik, beharbada, ez da erraza kubatar idazlearen liburuak aurkitzea. Gogoangarria da osatu zuen pentalogia osoa, baita handik kanpoko El mundo alucinante eta, batez ere, El portero ere. Jazarpena ekarri zioten liburuek Arenasi ospea baino gehiago, baina haren ahotsa ez zen inoiz ezarritako moldeetara makurtu. Esan daiteke nahi duena egiten duela beti bere liburu bakoitzean, generoek ei dituzten arauei ezaxola. Otra vez el mar da agian sendoena. Giza miserietan barneratzeko bere maisutasuna galdu barik, haren askatasun grinak gobernu bihurtutako iraultzaren ajeak jarriko dizkigu begien aurrean. Gauza arriskutsu asko liburu bakar batean.
Nobedade bat:
Ibaiertzeko ipuina, Oihane Amantegirena. Ez dakit iaz argitaratutako liburu bati nobedade ezan dakiokeen oraindik, baina bera da azken urtean euskal literaturan harrituen utzi nauen liburua, urteko ezustekoa. Oihane Amantegik mundu erreal bezain magiko batera garamatza, euskal letretan maiz alboratzen den gaitasun garrantzitsu bat gidari duela: irudimena. Haren idazkerari poesia dario, sentiberatasuna, eta neska gazte baten begietatik gizaki guztion arazoen aurrean jartzen gaitu. Ez da herioa -edo haren misterioa- erlijioak eraiki eta jainkoak asmatu dituen giza kezka nagusia? Mundu bat sortzea, imajinatzea, ez dago guztien eskura. Agian, errealismo magikoa maite dudalako sentitu naiz aldi berean etxe gozo eta ezagun batean.