Amuak

Eta berriro hasierara, Celosamente Gordea

Osteguna, 2015-07-16

Entzuleon gogoan ahots-lumaz izkiriatu dituzte hamaika une, kantu, berba sarkor eta eder. Zinezaletasunaz, musikazaletasunaz, berbazaletasunaz jantzirik zortzi urte oparitu dizkigu Celosamente gordea irratsaioak, eta guk ekaineko agur-uhinak ekarri nahi izan ditugu Amuak atalera.

Manex Agirre eta Gaizka Amondarain izan ditu gidari saioak, Hala Bedi irratitik edo Arrosa saretik zabaldurik, zortzi urtez hamaika saio. Musika, zinema eta literatur erreferentzien altxor kutxa bat, gidariek haien berbez estekaturik guztiak, esatari literarioen eredu, edo entzuleen lagun. Esperimentazioaren bidea hartuta, edo metafora landuaren xuxurlarena. Agur esan digute ekainean, edo hurrengo proiektura arte: Literaturian egindako emanaldiarekin batetik, ohiko uhin-txokoekin bestetik.

Zarauzko Literaturian larunbatarekin igo ziren Modelo aretoko oholtzara: “Ardoa eta Odola (Wino I Crew)” izan zuen izenburu saioak. Irratsaioko esatariek Jim Jarmusch-en ‘Dead man’ filma bidelagun hartuta, Napoka Iria eta Joseba B. Lenoir musikariekin batera sortu zuten ikuskizuna.

celosamente tx(Argazkia: Literaturia).

Elegantziaz, zehaztasunez, eta esateko zeukaten horren erritmora -ez gehiago ez gutxiago-, ekin zioten oholtza gaineko lanari. Irratsaioak ohikoak dituen ezaugarri guztiekin, baina agerian: filma baten proiekzioa –irudien martxa eta gidoiaren arteko kointzidentzia harrigarriak-, kalitatezko musika oraingo honetan zuzenean, esatarien presentzia apal eta sarkorra. Haien berbak.

Uhinetan berriz, hiru agur saio prestatu zituzten: Parabola eta saltoa, Bitan amaitu beharra, eta Eta berriro hasierara. Hirugarren honetan, saioaren ibilbidearen hastapenean elkargune izan zituzten erreferentziak ekarri dituzte berriz ere, "Der Himmel über Berlin (Wings of Desire)/(Cielo sobre Berlin)" filma bereziki, zeinean oinarrituta bere garaian zuzeneko emanaldi bat ere egin zuten.

Eta "Der Himmel über Berlin" filmeko aingeru ez ohikoek nola, amaitu dira esatari ikusezinek belarrira gauzatutako xuxurla gureak, norberarenak, izkiriatu gabe topatu ditugun gure irratsaioak.

Honatx agur saioak:

-Parabola eta saltoa

Zoriontasuna horixe da: amaiera hasierarekin lotzen jakitea.

Pitagoras

-Bitan amaitu beharra

Eta bukaerara heltzean, beraien saria jasoko dute, inork ez ditu izendatuko, anonimoak izango dira, baina ezein hilobik ez du haien kantua gordeko.

Atahualpa Yupanqui

-Eta berriro hasierara

Bilatzeari uzten diogunean ezagutuko dugu lehen aldiz irteten ikusi gintuen lekua. Bitartean denbora izango da gure buruhauste nagusia. Norekin eman gau hau eta beste hura, zenbat izan diren noranzkorik gabe desertuan pasa ditugun egunak, zeren atzetik ibili garen azken urteetan, norantz abiatu ginen azkenean eta lehenean, zerk ekarri gaituen berriro hasierara.

Bilatzeari uzten diogunean ezagutuko dugu lehen aldiz irteten ikusi gintuen lekua. Mugitu garen jakin gabe oheratu beharko dugu berriro, normalean baino arinago. Zalantzak hor iraungo duela onartzeko beldurrik gabe. Hasieran egongo gara berriro, amaieraz gozatzeko prest.

Izan dadila aipamen hau urteotan egindako lana behin eta berriz berreskuratzeko gonbitea, eskerrik asko Celosamente Gordea!

Amu honen uberan:

Berria: zikloa itxiko dute igandean

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)