Amuak

Gertrude Stein, arrosak biderkatzeko moduak

Asteartea, 2014-11-11

Feminista, idazlea, kultur eragilea izan zen Gertrude Stein (1874-1946). Legendak dio garaiko pintore, idazle, sortzailerik aktiboenak pasa zirela bere Parisko etxetik. Stein idazleak egungo testugintza esperimentalean bor-borka dauden joerak aurreikusi zituen, eta baita memoriari loturiko generoek egun duten garrantzia ere.

Amerikako Estatu Batuetan jaio zen arren, Parisen eman zuen bere bizitzako parte handi bat. Sortzaile bezain eragile izan zen Gertrude Stein. Haren Parisko etxea  garaiko pintore eta idazle ezagunenen ibilbideetan bilgune izan zen. Steinek erosi zituen oraindik ezagunak ez ziren Cézanne, Monet, Renoir, Daumier, Gauguin eta Picasso bezalako pintoreen lanak. Picassok berak bere koadro ezagun bateko protagonista bilakatu zuen:

picasso-stein1

Baina Stein oroz gain sortzailea zen, idazlea, esperimentazio bide jorien bultzatzailea. Neurri handi batean kubismoaren ezaugarriak eraman nahi izan zituen literaturara, Tender Buttons ("Botoi hauskorrak", 1914) bezalako lanetan. Garaiko idazle askoren adiskide izan zen eta eragin handia izan zuen haiengan, besteak beste Estatu Batuetatik Parisera joandakoak: Scott Fitzgerald, Ernest Hemingway, Sherwood Anderson. Nolanahi ere, bere literatur-esperimentazio joera ez zen beti ongi ikusia izan. Hemingwayk berak aurpegiratu izan zion joera horren herrena, testuen kalitatea hobetzearren haiek “behar bezala” edo “behar bezainbeste” zuzentzeari uko egin ziola aurpegiratuz.

Paperak ez du beti ondo jasotzen esperimentazioa, agian mitifikatua dugulako paperaren mundua zeharo. Steinen esperimentazioak bazuen ahozkotasunaren eragina, bazuen paperaren zentzu espazial bat, bazuen literatur generoak uztartuz generoen berauen mugak apurtzeko gogo handi bat. Errepikapenetan murgiltzeak akzioa iradokitzen du bere testuetan, joera performatibo bat. Steinek lanak plazaratu zituen garaia egungo joera artistiko askoren historiaurrea izan zen, XX. mendeko abangoardiak deitu izan diren horien ildotik, haren testuek segur aski aurkituko lukete leku bat egungo performance eta antzezlan ugarietan. Ildo horren adierazle ezaguna da Rose is a rose is a rose bertso lerroa, 1913ko Geography and Plays bildumako "Sacred Emily" poeman aurki daitekeena. Honako hitz hauek irakurri dizkiogu Ixiar Rozasi bere Beltzuria azken liburuan:

Gertrude Stein aitzindaria izan zen hitza erabiltzeko moduetan. Abilidade eta ironia handiz, errepresentazioaren kritika egiten zuen bere lanetan. Materialak pilatuz idazten zuen, errepikapenak erabiliz harreman berriak sortzen zituen gauzak eta hitzen artean, eta horrek testuen ohiko irakurketa jarraitua iraultzen zuen. Ondorioz, beste atentzio bat eskatzen dute bere lanek. Arreta osoa, testuaren orainean jarri beharra dago eta irakurketa parataktikoa sortarazten du, kosntruktiboa, ez kontsekutinboa. Idazketa horren bilaketa ez zen esperimentatzeko gogoaren ondorio hutsa. Lengoaia eta munduarekiko posizionamendu bat zegoen Gertrude Steinen hitzen atzean.

Ixiar Rozasek Beltzurian Steinen testu bat euskaratu du, eta Rozasek berak esteka hau proposatzen du, itzuli duen testua egilearen ahotsean entzuteko.

Stein Toklas

Poesiaz gain, kutsu autobiografikoa duten testuei astindua eman zien Steinek, memoriaren generoa beste koordenatu batzuetara eramanez. Urte luzez bere bikote, konplize eta bidelagun izan zen Alice B. Toklasen bizitza oinarri idatzi zuen, hain zuzen ere, 1933ko Alice B. Toklasen autobiografía izeneko lana. Liburu honetan, bere buruaz hitz egiten du, batez ere, eta ordura arte izan ez zuen ospea eman zion. 1937an bide horretan sakondu zuen Everybody's Autobiography liburuarekin.

Bere obra zabalaren berri topatuko duzue HEMEN.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)