Amuak

Howard Zinn eta “Marx Sohoan”

Osteguna, 2015-04-23

Howard Zinn estatubatuarra historialari sozial eta politologo gisa ezagun egin bazen ere, teatrogintzan ere utzi zituen pieza ederrak. Gaurko amuan Marx in Soho bakarrizketa ekarri nahi izan dugu gogora.

Iritsiko zaizkizu tarteka Marx Sohoan antzezlanari buruzko berriak, han, hemen estreinatu duela talderen batek. Gazteleraz Hiru argitaletxeak argitaratu zuen 2002an, Jose Sastreren itzulpenarekin. Hiruk berak Howard Zinnen beste antzezlan bat argitaratua zuen aurretik: Emma, Emma Goldman anarkistaren bizitza oinarri. Antzezlan hau Ramon Bareak zuzendua eman zuen Arriaga antzokian 2009an, ekoizpen handi batean.

Howard Zinnek hogei liburu baino gehiago idatzi zituen. Bere lanik ezagunena A People's History of the United States izan zen. Hori ere Hiru argitaletxeak editatu zuen La otra historia de los Estados Unidos izenburuarekin. Ez zen bakarra izan: "Estados Unidos: Por qué tener esperanzas en tiempos difíciles", "Nadie es neutral en un tren en marcha" eta "La Bomba" izan ziren besteak.

marx soho hiru

Marx Sohoan bakarrizketa bat da, ideia handi(egi?)ei buruz mintzo den teatro lan laburra. Abiapuntua honakoa da: Marx gaurko egunean agertu da bat batean, ez dakigu oso ondo nondik egotzia (zerutik? Zerurik gabeko linbo batetik? Historia liburuetatik?...). Akats burokratiko baten ondorioz Londoneko Sohoan azaldu beharrean New Yorkekoan azaldu da. Berehala auditorio bat topatuko du, bera entzuteko prest. Orduan gomutan hasiko da, bere bizitzako pasarte autobiografiko batzuk gogoratuz, Bakuninekin bizitako uneak, bere saiakeren orduko harrera, manifestu komunista, Parisko komunaren inguruko gogoetak... pasarte horien artean garrantzia berezia edukiko du etxe barruan, Eleanor alaba eta Jenny emaztearekin edukitako eztabaidek. Haiek bere ekintzen eta liburuen kritika egiten dute, gai honetan sobera sakontzen ez bada ere, haien paperaren garrantzia nabarmentzen da, genero kontuei buruz ari garenean historikoki iraultzaile gizonezkoek erakutsitako kontratesanak agerian utziz: (Jenny-k) teoria mailan emantzipazioaren alde egon arren praktikan emakumeen arazoen aurrean ez ikusiarena egiten nuela leporatzen zidan “Zuk eta Engels-ek, esaten zuen, “sexuen berdintasnari bruuz idazten duzue, baina ez duzue praktikatzen”. Beno, ez dut horri buruzko komentariorik egin nahi...”. Marx-pertsonaiak erakusten duen autoironia da antzezlanaren beste ezaugarrietako bat, Jennyren ahotik sarri “zuek, gizonezkoak! Esan zuen, ezin duzue jasan zuen lanak kritikaren bat merezi duenik pentsatzea, kritika oro eraso pertsonal bati egozten diozue beti”.

Lan honek Marxen ideien aldarrikatze hutsean baino, haren ideien egungo egoeraren ispiluan kokatzea bilatzen du, funtsean egungook geure buruari begiratzeko: “Kapitalismoak guztia bilakatu du -artea, literatura, musika, edertasuna bera- erosiak eta salduak izateko den kontsumo-artikulu. Pertsonak bilakatu ditu kontsumo-artikulu. Ez soilik fabrikako langilea, baita ere medikua, zientzialaria, abokatua, poeta, artistak... guztiek saldu behar dute beren burua biziraun ahal izateko”.

Funtsean, zer gertatu zen Marxen ideiekin, zertan asmatu zuen, zertan ez? Zeintzuk ziren bere kontraesanak, egungo borroka eta gatazken argitan? Zer gertatuko litzateke gaur, hemen, azalduko balitz? Euskal Herriko auditorio baten aurrean paratuko balitz?

marx sohoan

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)