Amuak

Izet Sarajlic: Bosnia-Herzegovinako poeta

Asteazkena, 2013-09-25

Izet Sarajlicen gerraren egunerokotik egin zuen poesia. Bere pasarte biografikoei estuki atxikirik, bonbek eta frankotiratzaileen begi-xedeek poemaren mugak zedarritzen zituzten unean. Sarajevoko setioan, Bosnia-Herzegovinan.

Noski, zaila da tabernan

bonbak erortzen diren bitartean

poemak idaztea.

 

Zailagoa den gauza bakarra ez idaztea da.

 

Izet Sarajlic (1930-2002) Bosnia-Herzegovinako poetarik ezagunenen artean topatuko dugu. Hogaita hamar poesia liburu baino gehiago idatzi zituen, hamabost hizkuntza baino gehiagotara itzuliak izan direnak ostera. Poeta, itzultzaile, saiakera egile, filosofo, gerraren baitatik poesia egiteari eutsi zion idazlea.

Material xumeak erabiltzen ditu Saraljic-ek bere poematan. Datu aurobiografiko zehatzak, hizkera garbia, poema osoa zeharkatzen duten irudi-sentsazio argiak, narratibaren elementuak poesian egoki paratzen dakien ahotsa. Poesiaren zauri-erronka nagusietako bat sendatzea lortu zuen haren eskuak: nola lortu autobiografikoa den hori unibertsal bilakatzea, edonoren pausaleku?

Sarajevoko setioaren hasieran idatzi zuen Sarajevo War Journal lana, “idatzi nahi izan ez nukeen liburu bakarra”. Granadako Valparaiso argitaletxeak eman berri du gazteleraz. Hemen dituzue zipriztin batzuk:

 

YUGOSLAVIA OHIKO LAGUNEI

 

Zer gertatu zaigu, lagunok?

Ez dakit zer egiten duzuen orain.

Zer idazten duzuen.

Norekin edan.

Zer liburu irakurri.

Ez dakit

oraindik ere lagunak garen.

 

GIZA SAMURTASUNA

 

Giza samurtasuna,

Non zaude?

Agian

soilik liburuetan?

 

NIRE POEMA BERRIAK

 

Zu izan ezik guztiek irakur ditzaketen

poemak

nireak kontsidera litezke oraindik?

 

POESIA KRITIKARIAK

 

Zergatik ez dute poesia kritikariek

poesiarik idazten

poesiari buruz guztia baldin badakite?

 

Jakinez gero,

agian nahiago lukete poesia idatzi poesiari buruz baino.

 

Poesia kritikariak zaharren modukoak dira,

haiek ere guztia dakite maitasunari buruz.

Ez dakitena da maitasuna egiten.

 

AITOR DUT

 

Nerudak idatzi du: “Confieso que he vivido”.

 

Nik aitor dut

sarri hiltzen nintzela poemetan.

 

Agian bertso batekin saiatzen nintzen

heriorekin

adiskidetzen

presa sartu eta

zurea baino lehen irits zedin.

 

Gizajoa ni,

guztiz kontrakoa gertatu da.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)