Amuak

John Berger eta Jean Mohr, hitza eta argazkiaren arteko harremana

Asteazkena, 2015-03-04

John Berger idazleak eta Jean Mohr argazkilariak hainbat liburu eta proiektuetan zehar aztertu izan dute argazkia eta hitzaren arteko harremana, bien arteko uztarketaren zentzu sozial eta politikoaren iparra galdu gabe. (Argazkia: A seventh man liburuko argazki bat).

Bost liburu egin dituzte elkarrekin Jean Mohr (Ginebra, 1925) argazkilariak eta John Berger (London, 1926) idazle, pintore eta pentsalariak. Bereziki esanguratsua izan da bien artean egindako Another way of telling (1982), zeinean hitza eta argazkiaren arteko harremanaz gogoeta egiten duten:

“Argazkien eta hitzen arteko harremanean, argazkiak interpretazio bat eskatzen du eta hitzek gehienetan interpretazio bat eskaini. Argazkiak, ebidentzia den heinean eztabaidaezina da, baina ahula esanahiari dagokionean, argazkiak hitzen bitartez hartzen du esangura. Hitzek aldiz, haien kabuz orokortasunaren planoan geratzen dira, argazkiaren izaera eztabaidaezinari esker berreskuratzen dute benetakotasun espezifikoa. Une horretan, elkarrekin biak, oso boteretsuak bilakatzen dira”.

JohnyJean

Asko eztabaidatu liteke liburuan agertutako kontzeptuez, adibideez eta ideiez, baina zorionez egile biek ala biek praktikan jartzen saiatu izan dira teorietatik haratago harreman boteretsu hori. Arestian aipatutako liburuaren aurretik plazaratu zuten elkarrekin A Seventh man kasu, saiakera, poesia, narrazioa eta erreportajea uztartuz. 1975eran argitaratu zen liburua, orain dela berrogei urte, eta azaleko xehetasunak aldatu badira ere liburuak agertzen duen sakoneko gatazka ez da aldatu: neoliberalismoaren (edo Bergerrek berak dioen moduan, “faxismo ekonomikoaren”) mundu mailako ondorioak, lan baldintza kaskarretan esku lan merkea izateko etxea uztera derrigortuak direnen odisea zorigaiztokoa, etorkinen-joankinen dramaren oinarrian sarriegi estalita geratzen diren joera zanpatzaileak, belaunaldi osoen deserrotzea, umiliazioa eta esklabismo ekonomiko politikoki zuzena.

Liburuan zehar oreka bereziaz uztartuko dira datuak, numeroak, poemak, narrazioak, testigantzak… eta batez ere, bereziki, argazkiak:

“Lagun bat etorri zitzaidan bisitan amets batean. Oso urrunetik etorri zen. Ametsean galdetu egiten nion: “Argazkiz edo trenez heldu zara?” Argazki guztiak dira garraiobide bat, eta absentzia baten espresio bat”.

Guk dakigula euskaraz ez da John Bergerren lanik irakurtzeko aukerarik. Gaztelerazko bertsioan, Un septimo hombre sur+ argitaletxeak kaleratu zuen 2011an, eta berriki Capitan Swing argitaletxeak berrargitaratu du.

PORTADA1UnSeptimoHombre_150ppp

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)