Amuak

Josu Goikoetxearen literatur gomendioak udarako

Astelehena, 2021-07-19

Ikasturte honetan idazleen apalategietan kuxkuxeatu dugu; uztailean, berriz, haien uda-gomendioak eskainiko dizkizuegu. Nobedade, klasiko eta liburu kuttun bana aipatzeko eskatu diegu. Gaurkoan, Josu Goikoetxea.

Josu Goikoetxea (Gernika, 1974). Bertso gai-jartzaile gisa ibili da hainbat urtez, eta 2018an eman zuen argitara lehen poema-liburua: Zer luzea negu hau (Elkar). Poesiari loturik, ikasturte honetan Astelehen poetikoak izeneko tartean parte hartu du Euskadi Irratiko Faktoria saioan (hemen entzun dezakezue denboraldiko azkena).


Nobedade bat

Constantino Bértolo, ¿Quiénes somos? 

Constantino Bértolo idazle, kritikari eta editoreak atera berri duen ¿Quiénes somos? Libros de la literatura española del siglo XX jakin-minez eta gozamen handiz irakurri dut. Bértolok Espainiako literaturaren kanon alternatibo bat-edo proposatzen du liburu honetan, berrogeita hamabost libururen erreseina labur baina mamitsuak eginez. Betiko klasikoak aztertzen ditu: Campos de Castilla, San Manuel Bueno, mártir, Viaje a la Alcarria, El Jarama… baina irakurketa pertsonala eginez. Era berean, badira kanon ofizialen bazterretan geratu diren eta Bértolok maisulantzat edo, gutxienez, interesgarritzat jotzen dituen obrak: Tensor, Campesinos, Los muertos, Las pistolas… Dena zeharkatzen du Gerra Zibilak, XX. mendeko Espainiako historiaren benetako ardatzak. Ikasteko liburu bat da hau, eta irakurketa berrietarako ate bat.


Klasiko bat

Edgar Allan Poe, Kontakizunak

Hamazazpi edo hemezortzi urte izango nituen Alianza Editorialek ateratako edizio merke hura nire eskuetara iritsi zenean. Edgar Alan Poeren ipuinen bilduma bat zen (ipuin guztien bildumaren lehen zatia) eta Poeren misteriozko eta beldurrezko narrazioak zekartzan. Liburuaren eta bion artean zegoen denboraren mintza zeharkatzea lortu nuenean, nire burua Poeren istorio krudeletan iltzatuta zegoen: gogoan ditut Putzua eta pendulua, Amontillado upela, Morgue kaleko hilketak, Usher etxearen hondamena eta, batez ere, Herio Gorriaren Maskara, non Prospero Printzeak bere gazteluan jaia antolatu duen, harresietatik kanpora gaitz zital batek erresumako biztanleak hiltzen dituen bitartean. Nik Julio Cortázarrek 1956an egin zuen itzulpena irakurri nuen. Gurean, Koro Navarrok euskarara ekarri zituen Poeren zenbait kontakizun.


Liburu kuttuna

Xabier Montoia, Denboraren izerdia

Badira liburu batzuk utzi eta berehala ahazten dituzunak, hiru egunetan. Gero badira beste batuk luzaroan, agian bizitza osoan gordetzen dituzunak. Ez da argumentua gogoratzen duzuna, ez dira eszenak, ia-ia ez dira pertsonaiak ere, da halako giro bat, halako sentsazio bat etortzen zaizuna liburua aipatzen duzun aldiro. Xabier Montoiaren Denboraren izerdiarekin gertatzen zait hori: Jon Ezenarrok dena dauka eta dena gal dezake. Orainaren eta iraganaren arteko talka, amaren zaintza…. Montoiaren orrietan, dena gordin azalduta.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)