Amuak

Kronika literarioak munduko hilerrietatik

Ostirala, 2021-05-14

Alguien camina sobre tu tumba (Anagrama, 2021) kronika-liburua argitaratu du Mariana Enriquez idazle argentinarrak, zeinean biltzen baititu hainbat herrialdetako hilerrietara egindako bidaiak. Besteak beste, Donostiakoak aipatzen ditu.

Azken hamarkadan ospea eskuratu du Mariana Enriquezek bere ipuin eta nobelei esker. Kontra-azalek diotenari erreparatuz, «terrorezko narratiba» eta «literatura fantastikoa» berrasmatu ditu argentinarrak. Las cosas que perdimos en el fuego ipuin-bildumari esker, adibidez, Ciutat de Barcelona saria eskuratu zuen, eta Nuestra parte de la noche eleberriarekin, berriz, Herralde saria, Anagrama argitaletxeak ematen duena. Enriquez, bestalde, kazetaria da, eta Página/12 egunkari argentinarrean aritzen da lanean.

Berriki, kazetaritzaren alderdi horri loturiko liburu bat argitaratu du: Alguien camina sobre tu tumba, hilerrietara egindako bidaien kronikak biltzen dituen lana, azpi-izenburuak dakarrenez. Berez-berez, 2014an kaleratu zuen lehen aldiz obra honen lehen bertsioa, Galerna argitaletxearen eskutik; orain, ordea, pandemiaren ostean, hasierako hamasei kontakizunei beste zortzi gehitu, eta edizio berri bat ekarri du Anagrama argitaletxeak. Italia, Argentina, Euskal Herria, Australia, Txile, Txekiar Errepublika… Era askotako hilerriak, pertsonaia historikoak eta mitoak ezagutuko ditu, hala irakurleak.

Hainbat osagai nahasten dira kronika hauetan: batetik, informazio eta datu zehatzak ematen ditu idazleak, hilerrien historiaz, hilerrian dauden bizitzaz eta kasuan kasuko xehetasun garrantzitsuez; bestalde, Enriquez bera hor dago, batzuetan aisialdiko bidaiari, beste batzuetan lanagatik han eta hemen, bere hausnarketak azaltzen ditu gaiei buruz, bai eta dagokion tokiarekin lotzen duten hariak azaldu ere. Gauza «makabroekiko» jakin-mina ere ageri da, jakina, hor atzeman daiteke fikzio-idazlearen sena, umorearekin eta kritikotasunarekin lotuta beti.

Liburua zeharkatzen duten gaiak: kolonizazioaren historia eta haren eraginak oso presente daude, turismoak hirietan duen eragina buruzko hausnarketa kritikoak orobat, Hegoalde eta Iparralde globala esaten zaien horien arteko harremanei buruzko gogoeta berdin jakingarriak eta Argentinaren historia hurbilari buruzko zertzelada mordo bat (ba al zenekiten Eva Peronen gorpua hara eta hona mugitu zutela, baita lapurtu ere, bere azken atseden-lekura eraman aurretik? Eta orain ere, bere azken atseden-lekuan, zortzi metro hormigoiren azpian dagoela, inork ez dezan lapurtu?). Badira, noski, aipamenak musikari, literaturari, zinemari…, hilerrien buruzko historiekin batera koaderno batean apuntatzekoak. Donostiari buruzko atalean, irakurle honek gustura ikusi ditu paisaia ezagunak beste norbaiten begietatik: galbahe paregabea da Enriquezena.

Hasiera batean, gaiak atzerakada eman diezaioke irakurleari, halako zera bitxi bat piztu barrenean, deserosotasuna. Baina hilerrien historia –heriotzaren kudeaketaren historia– ispilu zorrotza da giza jendearen ibilbideari erreparatzeko.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)