Amuak

Maskulinitateen barra kodeak Carlos Negroren poesian

Ostirala, 2017-02-03

Carlos Negro idazle galiziarrak Masculino singular poesia liburua plazaratu zuen iaz Xerais argitaletxearen eskutik, maskulinokerien eta maskulinotasunen arteko ezbaian oreka bilatu beharrean desoreka kontzientea probokatuz, maskulinitate berrien inguruko gogoetari loturik. Txerra Rodriguezek euskaratu du jarraian irakurri dezakezuen "Barra kodea" izeneko poema. (Argazkiaren iturria)

Barra kodea

Zer EZ naizen:

Ez naiz txokolatezko gaileten printze urdina.

Ez naiz akziozko film bateko gihar multzoa.

Ez naiz igogailuko atean pasatzen utziko duzun irribarre adeitsua.

 

LEHENIK, BIGARRENIK eta HIRUGARRENIK zer ez naizen:

Lehenik ez naiz eskopetaduna.

Bigarrenik ez naiz zezenketen zale.

Hirugarrenik ez naiz kirol prentsaren irakurle.

 

Ez NAIZENA:

Ez naiz maritxu berba listu pozoitsu gisa erabiltzen iaioa.

Ez naiz madarikazioak harri gisa botatzen iaioa.

 

ZORITXARREZ ez naizena:

Zoritxarrez ez naiz beste munduko ezer.

Zoritxarrez ez naiz orain arte ikusi gabekoa.

 

ZORIONEZ ez naizena:

Zorionez ez naiz profetaren bizar zuria.

Zorionez ez naiz bildots larruz mozorrotutako otsoa.

 

LABUR ESANDA ez naizena:

Labur esanda ez naiz familiaburua.

Labur esanda ez naiz ezkontzako aitabitxia.

Labur esanda ez naiz estatu-gizona.

Labur esanda ez naiz diskotekako begiluzea.

Labur esanda ez naiz urteko enpresa-gizona.

Labur esanda ez naiz gerrako heroia.

Labur esanda ez naiz manboko erregea.

Labur esanda ez naiz defentsa ministroa.

Labur esanda ez naiz aberriaren militantea.

Labur esanda ez naiz alfa ar menperatzailea.

 

BENETAN ez naizena, BAINA EZTA ez naizena:

Benetan ez naiz atzerakoia, baina ezta barrikada pizten duena ere.

 

EZ naizena EZTA ez naizena:

Ez naiz derrigorrezko amatasunaren defendatzailea, ezta dekretuzko ezkontzarena ere.

 

Ez DUT GOGORIK:

Ez dut gogorik erritu katolikoetarako, ezta ezkondu aurreko agurretarako ere.

 

Ez dudana NAHI:

Ez dut nahi feminismoa sarbide murriztuko gunea izatea.

 

Ez dut nahi, BAINA:

Ez dut nahi neskei belarrietan zulorik egitea, baina …

 

EZ dut nahi, baina EZ ETA:

Ez dut nahi zakilarekin pentsatu, baina ez eta nire desioa erauzi ere.

 

EZ dudana nahi:

Ez dut nahi okupazio armada izan.

 

NAHI dudana:

Nahi dut maitasuna ekosistema izatea.

 

GEHIEN nahi dudana:

Nahi dut hondakin erradioaktiborik igortzen ez duen semantika.

 

Nahi IZAN NUENA:

Nahi izan nuen ikasi, baina irakasleek bakarrik sinesten zuten arantzadun koroetan.

 

IZAN NUENA:

Izan nuen beldurra, homiliako h-dun hostiak jan genituen guztiak bezala.

 

DUDANA:

Seme bat dut, eta oraindik ez naiz damutu.

 

NAIZENA:

Aitatasunaren esperientziaren esploratzailea naiz.

 

Izaten SAIATZEN NAIZENA:

Bere inguru afektiborako erasokorra ez den heterosexuala.

 

EZ DAKIT NAIZEN:

Ez dakit prozesua naizen, desbideratzea edo itxaropena.

 

Egokituz gero, NAIZENA:

Genero singular eta maskulinoko morfema.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)