Amuak

Mina Loy: kaosaren aldeko sortzailea

Astelehena, 2018-02-05

Mina Loy (London, 1882 – Colorado 1966) artista, poeta, dramaturgoa, eleberrigilea, aktorea eta lanpara diseinatzailea izan zen, besteak beste. Mende hasierako Pariseko giroan murgilduta hasi zuen ibilbidea, abangoardiako korronteen barrutik lanean batzuetan, talkan beste askotan. Edukietan zein formetan apurtzailea eta kaosaren aldekoa, azken egunera arte.

Jakina da historia liburuak ez direla objektiboak. Ez behintzat, edo besteak beste, genero ikuspegi batetik. La linterna sorda argitaletxeak plazaratu zuen 2016an Mina Loy: futirismo dada surrealismo liburua horren lekuko da, Ana Muiñak editaturik. Liburuko protagonistaren datu biografikoak, iritziak, marrazkiak eta poemak itzuli eta biltzeaz gain, garaiko testuingurari erreparatu diote luze: batetik, hitzaurrean XX. mende hasierako abangoardietan emakume artisten papera aztertzen da. Luzea da gizonezko artista mitikoen itzalean geratutako emakume artisten zerrenda; luzea da, zauria da.

mina loy

Mina Loyk kasu, futurismoa, dada eta surrealismoa barrutik ezagutu zituen bere bizitzako garai ezberdinetan. Esanguratsua da kasu, futurismoaren kasua: bere hastapenean parte hartzaileen artean emakume sortzaile gehien izan zuen mugiemnduen artean zegoen, baina denborarekin matxismoa eta faxismoaren bidea hartu zuen, Marinettiren “Manifestu futurista” horren lekuko. Bertan emakumeari mespretxua aldarrikatzenzen, eta emakume futuristek berauek erreakzioa abiatu zuten, 1912an Valentine de Saint-Point idatzitako "Emakume futuristaren manifestua" kasu: “Gizateria mediokrea da. Emakumeen gehiengoa ez da gizonezkoen gehiengoa baino hobeagoa, ez okerragoa. Berdinak gara. Denok merezi dugu mesprezu bera”. Manifestuak emakume gerlariaren ideala aldarrikatzen zuen, Amazonen eta Furien ideala aldarrikatzen zuen, feminitatea eta maskulinitatea baten dituen natura androginoa zuen aldarri. Orduko feminismo erreformistaren kontra egiten zuen ere manifestuak, sistemaren kaos eta deustezte errotikoaren alde. Loyk berak "Manifestu feminista" plazaratu zuen 1914an, ildo beretik:

“Ezin da erdibiderik egon — tradizioaren zaborraren azala urratzea, EZ du lortuko Erreformak, horretarako metodo bakarra Eraiste Absolutua da.”

Mina Loy izan zen manifestu horren ildotik futurismoa bazter utzi zuena, kasu, eta surrealismoaren bidea hartu zuen. Bere biografian bidaide izan zituen Gertrude Stein edo Djune Barnes bezalako sortzaile apurtzaileak. Mina Loy eta garaiko beste artista batzuen gaien lanketak hankaz gora jartzen du abangoardien inguruko irudi historiko nagusia: emakumearen abstinentzia sexuala eta haren adierazpide erotikoen ukazioa nagusi zen garaian, sexualitatea, identitate sexuala, erditzea, abortua, emakumeen eskubideak, edertasunaren kanon berriak eta gorputz femeninoa izan zituzten aztergai sormenaren eta manifestuen bitartez.

Mina Loy liburuak garaiko mugimenduen isla eskaintzeaz gain, egilearen poemak, marrazkiak, diseinuak eta eskuizkribuen argazkiak biltzen ditu. Honao hau adibidez:

la maison en papier

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)