Amuak

Molloy: Nola egin? Nola egin?

Astelehena, 2013-11-11

Molloyk errepikatu zuen galdera, Samuel Becketten eskutik, eta ez zuen erantzunik topatu. Ez dagoelako erantzunik galdera ahaztu duenarentzat. Ez duelako zentzurik ahaztu diren galderak oroitzeak, edo haien erantzunak, edo agian bai, edo agian kontrakoa edo ezer ez edo guztia. Nolanahi ere, idatziz dio idazleak ezina.

Idatziz dio idazleak ezina. Samuel Becketten lanaren muina. Garaikide zaion gizartearen zauriak ikusi, onartu, barneratu, erabili. Horra sormenaren zentzua. Zeintzuk dira garai honetako zauriak? Ezinean topatu zuen Beckettek erantzuna, edo erantzunen falta. Gerrak behin eta berriz astindutako jendartean, ausazko bortizkeriak arau bilakatutako heriotza muinean, zentzurik ez duen logika egunerokoa islatu zuen Beckettek bere lanetan. Baina hala ere, eta hala ere, edo hala ere, idazleak sormen bilakatzen du ezin hori, akzioari nolabaiteko zirrikitu bat zabalduz.

Beckettek antzezlanetan topatu zuen ezintasun aktibo horren puntu gorena, isiluneak lagun, geldotasuna bide, teatroak edonon edonoiz interpretatua izateko duen aukera makulu: En attendant Godot (1952, euskaraz Godoten esperoan Alberdaniak 2001ean), Fin de partie (1957)... Teatroaren bitartez edonork gorpuzteko moduko ezinak eskaini zituen, ezinaren partiturak. Absurduaren ideiara gerturatzen diren korronteek-egileek-lanek egungo teatro garaikidean duten eragina ikusirik, gaurko ezinak Becketten garaikide dira oraindik, ageriko: hizkuntza beraren mugak, ideiak antolatzeko nahi zientifikoaren ahultasuna. Beste kontu bat litzateke, gaurko ahotsek gaurko garai honen ezinari erantzuteko moduko formak topatu ote dituzten, zergatik baliatzen dituzten oraindik hain nabarmen Godottasunak.

Giza logikoaren narrazioa antolatzeko ezina izan liteke halaber Becketten narraziogintza bera, teatroaren arauetatik landa lerrootan galtzeko askeago, sakonago. Molloy (1951), Malone meurt (1951), Comment c'est (1961) lanekin osatu zuen trilogia, askoren ustez nobelaren zentzua hondoratu eta suntsitu zuen lan multzoa. Molloy izan zen trilogiaren hasiera, etapa berri baten isla, zeinean ingelera baztertu zuen literaturan eta frantsesa hartu. Teatroan bildutako ardatzak zorroztu, sakondu, garraztu egiten dira Molloy honetan: absurdua bera gaindituz groteskoa, patetismoa, giza desolazioa. Ageriko zentzurik gabe kateatzen diren esaldiak, pasarteak, Molloy izeneko eskale alderraiaren barne munduaren kaosa, barne bakarrizketen haustura, nora eza bortitza, hizkuntzaren ezintasuna beste behin, gizakien arteko komunikazioan diren amildegi kasik fisikoak, existentziak berak islatzen duen ezereza. Muturreko nora eza bizi duen pertsonaia da Molloy, kontzientzia izpi urrun bati loturik kalerik larre bizirauten duen pertsona uste bat:

Eta berriz ere geratuko naiz ez dut esango bakarrik, ez da nire estiloa, baizik eta, nola esan, ez dakit, niregana itzulia, ez, ez dut inoiz neure burua utzi, libre, hori da, ez dakit zer esan nahi duen horrek, baina hori da erabili nahi dudan hitza, libre zertarako, ezertarako, jakiteko, baina zer, kontzientziaren legeak agian”.

Zati bi ditu liburuak. Molloy bilatzera bidali duten polizia da bigarrenaren ardatza: Jacques Moran. Irakurketarako helduleku gehiago ditu, ustez, pertsonaia honek. Txertatuagoa dagoelako gizartean, arrazionalagoa delako, logikoagoa bere barne-jarioa. Baina ustez soilik: zaila da jakitea non arrakalatzen den bortitzago ezina, bere baitan galdurik denaren bakarrizketa kaotikoan, edo arrazoiaren indarra nabarmenduz gizakiaren animaliatasun eta kaos naturalaren errealitate krudela agerian uzten duen izaki arrazionalean:

lo apur bat egin nuen. Labur dezagun. Zeozerk geldiarazi ninduen elizaren paretik pasatzean. Atariari begira geratu nintzen, estilo jesuitiko ederrekoa. Izugarri itsusia iruditu zitzaidan”.

Moranen eskutik ez dira umorea eta ironiarako tarteak faltako:

Animaliek ez dute barrerik egiten. Soilik guk pasa dezakegu ongi honekin, esan nuen”.

Bada bigarren zatia aurrenekoaren hastapena dela esaten duenik, pertsonaia bat eta bakarra direla bi une ezberdinetan. Agian bai. Agian ez. Inporta du horrek?

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)