Amuak

Nagore Legarretaren “Edipotoa” berrargitaratua

Asteazkena, 2014-04-09

Bereziki pozgarria da liburu baten berrargitaratzeari buruzko albistea Edipotoa bezalako lan bati buruz ari garenean, ez delako apustu erraza argazkiez eta poesiaz osatutako lan bat plazaratzea. Nagore Legarretak 2011ako abenduan argitaratutako lana eskuragarri jarri du berriz ere Banizu Nizuke argitaldariak.

Kamera estenopeikoarekin ibilbide luzea osatzen ari da Nagore Legarreta argazkilaria. Emandako lehen urratsekin Edipotoa izeneko liburua osatu zuen 2011an, hainbat poetek haren argazkiak oinarri hartuta berariaz idatzitako testuekin: Gorka Setien, Haizea Arregi, Lainon, Juanbau Erauskin eta Mikel Peruarena izan ziren parte hartzaileak. Egilearen esanetan, “liburua argazkiak eta idazle ezberdinen arteko testuen elkarrizketa da”.

Hementxe duzue lagin bat:

1.

Argazkia: Laban zorrotzailearen postua, Ordiziako azokan.

Hitzak: Gorka Setien.

Zatozte espektro hoiek

eta esan: guk orain bezala zuek ere

gorputzen matxinadekin amestu al zenuten

inoiz

edo

haiztoak gorroto-eskuetan

sabelak zulatzeari ekin zenioten

2.

Argazkia: Donostiako portua.

Hitzak: Juanbau Erauskin.

 

Esaten dugu, baina iragana etorkizuna baino misteriotsuagoa da.

Hitzekin adierazi ezin diren bizipenak gehiago dira hitz zehatzak

dituzten ametsak baino.

Egin nahi genukeena idatz liteke milaka orri zurietan. Bizi izan

duguna oroitzeko denborarik ez dago mundualdi bakarrean.

Berrargitaratua

Bere egunean elkarrizketa egin genion Legarretari Hitzen Uberanen, eta liburu euskarriaz mintzo honakoa adieraziz igun:

Argazkia modu askotara zabaldu daiteke egun. Zer garrantzia du zuretzat liburuan izateak?

Liburua atera baino lehen, erakusketak egiten nituen, erakusketa txikiak taberna edo jatetxeetan. Banizu Nizuke Bilboko argitaletxea nirekin jarri zen harremanetan, kontzertuetako argazkiak biltzen zituen liburua osatu nahi zuelako. Komentatu nien dagoeneko ez nenbilela argazki mota hori egiten eta azaldu nien zertan ari nintzen. Argazkiak ikusi zituztenean esan zidaten horrek bakarrik argazki liburu oso bat merezi zuela eta niretzako ikaragarria izan da urte horietako lana dena elkarrekin jarri eta liburu batean ikustea. Liburu batean argazkiak hor daude fisikoki eta jendeak eskuz esku ibili ditzake.

Edipotoaren 200 ale egin ziren lehen edizioan, liburua salgai jarri eta gutxira agortu ziren. Hori dela eta, Banizu Nizuke Bilboko argitaletxeak, liburua berriro ere argitaratu du. Bigarren edizio honetan hainbat aldaketa izan dira, maketazioari eta inpresio kalitateari dagokionean.

Edipotoan Legarretak kamara estenopeikarekin egindako lehen argazki bildumak ikus daitezke. Hernaniarrak latak eta ontziak besterik ez ditu erabili liburu honetan ikus daitezkeen argazkiak sortzeko. Liburuko emaitzak zein haien ostean egindako lan berriak bere webean ikus daitezke.  www.nagorelagarreta.com

Errezitaldia eta erakusketa maiatzean Donostian

Argitalpenetatik harago bizirik egon den proiektu aizan da Edipotoarena. Besteak beste, zuzeneko emanaldia osatu zuten Nagore Legarretak, Haizea Arregik eta Gorka Setienek irudi proiekzio eta poema errezitatuekin, Mariano Hurtado kontrabaxu joleak lagunduta.

Berrargitalpenaren harira, Edipotoa emanaldia maiatzaren 10ean 20:00etan egingo dute, Donostiako Lugaritz kultur etxean. Emanaldia Legarretaren argazki erakusketaren harira antolatu dute, izan ere, liburuko hainbat argazki kultur etxeko paretetan zintzilikatu eta maiatzean zehar egongo baitira ikusgai. Erakusketa maiatzaren 5etik 23ra izango da.

Emanaldiaren egunean liburuak salgai izango dira 10 eurotan.

Argazkia: Isidro Rodriguez.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)