Amuak

Pedro Lemebel: diferentziaren ahots borrokalaria

Autore txiletarraren kronika hautatuak amu gisaAstelehena, 2015-05-11

Laringe-minbizia aurkitu zioten 2011n, ezin hitz eginda geratu zen 2013an, eta bi urtez borrokan jarraitu ostean, aurtengo urtarrilean zendu zen Pedro Lemebel artista eta idazle txiletarra. Ehunka pertsona elkartu ziren haren ehorzketan, agurra egitera. Euskaraz badugu bere kronika bat irakurgai, baina gutxitxo iritzita, eta Diego Portales unibertsitate txiletarrak orain bi urte autorearen kronika hautatuak argitaratu zituela probestuta, Lemebeli buruzko zenbait zertzelada bildu ditugu.

Santiagon jaio zen 1952an eta hiri berean hil 2015ean. Performace-artea eta instalazio jorratutakoa, ipuin eta kronikak idatzitakoa, lan mardula utzi du ondare. Maritxua eta trabestia, diferentziaren ahotsetik hitz egin zuen beti, bazterren bazterretik; "indio"tasuna ere aldarrikatu zuen, jatorri indigena.

Las Yeguas del Apocalipsis

1986an argitaratu zuen Lemebelek bere lehen liburua, kontakizun-bilduma bat: Incontables [Kontaezinak]. Artean aitaren abizenez sinatzen zuen, Mardones, baina garaitsu hartan hartu zuen amarena, emakumeekiko aliantzaren eta ama huatxarekiko errekonozimenduaren erakusle, Lemebelen beraren esanetan. 1987an Las Yeguas del Apocalipsis [Apokalipsiaren behorrak] taldea osatu zuen Francisco Casas artistarekin batera. Instalazioa eta performancea landu zituzten, batik bat. Ekintza asko egin zituzten liburu-aurkezpen eta kultura-ekitaldietan, horietara hainbat modutara sartuz edo etenez. 1988an egin zuten lehenengoa, eta 1995 inguruan amaitu zuten beren bidea.

19_yeguas

 Las Yeguas taldearen instalazio ezagunenetako bat, 1990

Kronikak

Esan bezala, Lemebel ipuinak idazten hasi zen eta, berehala, artearen munduan sartu. 90eko hamarkada hasieran, hala ere, kronikak idazteari ekin zion hainbat aldizkari eta egunkaritan. Literatura eta kazetaritza nahasten dituen genero horretan eroso jardun zuen Lemebelek ordutik aurrera eta mota horretako testuak erruz kaleratu zituen, baita hainbat bildumatan elkartu ere. 2013an Diego Portales unibertsitateak antologia bat argitaratu zuen, izenburu oso esanguratsuarekin: Poco Hombre [Ez oso gizon]. 40tik gora testu biltzen ditu eta Lemebelek sarrien jorratutako gaiak agertzen dira bertan: harreman homosexualak, prostituzioa, iragan kolonialaren aztarnak. Periferiatik hitz egitea borroka-gune bilakatu zuen Lemebelek: "eraikuntza literario bat bainoago, nire idazketa estrategia bat da".

Ahozkotasuna

Aipatu antologiari Ignacio Echevarríak egin dio hitzaurrea eta bertan azpimarratzen du Lemebelen idatziek ahozkotasunarekin duten harremana. Hizkuntza idatzia hertsatzailetzat ez ezik inperialisten arrastotzat zuen Lemebelek, eta testu idatziak erresistentziarako baliagarriak ziren arren, horiek ahozkotasunarekin ahalik eta gehien nahastea zuen helburua, estilo zinez pertsonala sortuz. Ahozko tradizioari eutsi nahi zion, arbasoekiko loturari eusten ziolako horren bitartez eta ustezko arrazonionalitatearen indarrezko ezarpenari buelta ematen.

Gizontasun-motak

Ezin amaitu Lemebelen idatzien puska bat ekarri gabe. Testu adierazgarri bat da 1986an Txileko ezker mugimenduaren ekitaldi batean irakurritako manifestua, autoreak bere diferentzia aldarrikatzen baitu, iraultza lortuta ere, horren ostearekin mesfidati. Gizontasunaz zera dio:

Ez dakizu gizontasuna

ez nuela sekula kuarteletan ikasi

Nire gizontasuna gauak irakatsi zidan

poste baten atzean

Harro aipatzen duzun gizontasun hori

erregimentuan sartu zizun

militar hiltzaile batek

artean agintean dagoen horietako batek

Nire gizontasuna ez zidan alderdiak eman

barre artean baztertu ninduten-eta

mila bider

(...)

Nire gizontasuna izan zen irainak irenstea

amorrua jatea mundu guztia ez akabatzeko

Nire gizontasuna da neure burua ezberdin onartzea

askoz gogorragoa da koldarra izatea

nik ez dut beste masaila ipintzen

nik ipurdia ipintzen dut, konpai

eta hori da nire mendekua

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)