Amuak

Sheila Heti, edo nola izan pertsona bat

Asteartea, 2020-03-03

Sheila Heti-k (Kanada, 1976) 2010ean plazaratu zuen “amu” honetara ekarri dizuegun nobela: How Should a Person Be?

Nolakoa izan beharko litzateke pertsona bat? Sheila Heti-k (Kanada, 1976) galdera hori jarri zion izenburu 2010ean plazaratutako nobelari (gazteleraz 2013an publikatu zuen Alpha Decay argitaletxeak, ¿Cómo debería ser una persona? Una novela desde la vida tituluarekin). Autofikziotik asko duen narrazio honetan, Sheilak bere burua jarzen du kontakizunaren erdigunean. Askotarikoak izango dira jorratuko diren gaiak, eta guztietan emakumearen, artistaren, idazlearen, egunerokotasuneko ezintasunetan galdutako pertsonaren ezbaiak kontatzen dira, grisa nagusi den jarreretan, gauzak zuri edo beltz ikusteko belaunaldi-ezintasunean, umorez kontatuko ditu egileak ahots nagusiaren gorabeherak, ironiaz mukuru.

HowShouldAPersonBe+(1)

Protagonistak antzezlan baten gidoia aurkeztu behar du, enkarguz, eta blokeatuta dago. Bere ezinak inguruan dituen harremanetan arreta jartzera eramango du. Haien artean bereziki bat, adiskide berri egin duen Margaux izeneko pintorea. Haren bitartez abiatuko dute lagun artean liburu osoko leitmotiv bat bilakatuko dena: koadro itsusien lehiaketa.

Sholem zera ari zen esaten, askatasuna berarentzat nahi duen oro exekutatu ahal izateko teknika edukitzean datzala, bere buruan duen irudi oro. Baina hori ez da askatasuna! Hori kontrola da, edo boterea. Ordea, Margauxek askatasuna beste modu batean ulertzen duela uste dut, arriskuak hartzeko, obra txar bat egiteko edo idiota itxura emateko gaitasunaren gisan ulertzen du berak askatasuna. Badauka bere garrantzia diferentzia atzematea.

Haren ildotik ezagutuko ditugu arteri buruzko zalantzak, eta batez ere, lagunen arteko botere harremanak:

MARGAUX

Ba nik uste dut artistei on egiten diela (galerietara) etorri eta gauza hauek ikusteak.

EMAKUMEA

Arte on asko dagoela egiaztatzearren?

MARGAUX

Eta batere garrantzirik ez duela ulertzearren.

Margaux pertsonaiak ere pintore erreal bat du oinarrian, Margaux Williamson, zeinarekin hainbat proiektu ere egin izan dituen.

margaux1

Narratzailea antzezlan bat idatzi nahian dabilen heinean, bere inguruko lagunen pazientzia agortzeraino, nobelan filtratu egiten dira antzerki kutsuko uneak, eta dialogoak. Eta, oro har, une oro sexua, menpekotasuna, gorputzen talka:

Jenioa zen, baina ez pinturarena. Txortan egitearen jenioa zen. Txortan egiten duen bezain ondo pintatuko balu, mundu osoak zintzilikatuko zuen bere hormetan, soilik bere zakila eta aldakak mirestearren.

Nobelez aparte narrazio liburuak eta saiakerak ere idatzi ditu Sheila Hetik. Azkeneko nobela Motherhood du, ama izateko hautua ezbaian jartzen duen narrazioa.

Screen+Shot+2017-11-12+at+4.50.54+PM

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)