Amuak

Tadeusz Kantor: memoria (ez) idazteko erak

Astelehena, 2013-01-28

Testutik haragoko eszena-idazlea zen Tadeusz Kantor. Bere teatroa paperean jasotzerakoan, teatro-testuak baino gehiago manifestuak idatzi izan zituen, oholtza gainean bideratzen zuen arte diziplina ezberdinen arteko zubiaren berri emateko. ‘Memoria’ izan zuen xede eta lehengai, memoria ekintza bilakatuz eta oholtza gaineko ispiluan islatuz.

(Argazkietan: Ibai Maritxalar artistak Kantor ardatz hartuta egindako lanen irudiak).

Ez da batere ohikoa Tadeusz Kantorren erreferentziarik topatzea euskal literaturan. Honako lerro hauek irakurtzen ahal dira Mikel Antzaren Atzerri liburuan, bertan ere memoria sor-gai:

Karen poloniarra delako oroituko nintzen Tadeusz Kantorrekin. Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian ikusita nengoen izenburua oroitzen ez nuen haren antzezlan bat. Ea ezagutzen zuen galdegin nion. Ezetz. Mishima ez ezagutzea ulertzen nuen, baina Kantor ez ezagutzea ezinezkoa zela esan nion, antzerki poloniar garaikideko zuzendari hoberenetakoa zela. Nonbait, ez nuen izena ondo ahoskatu. Paperean idatzitakoan aditua zuela esan zidan. Ez nuen beste hari muturrik behar! Azaldu nion nola maite izan nuen haren emanaldia. Zuzendaria agertokian batera eta bestera ibiltzeak berritasun eta era berean antzinatasunaren magia elkartzen zituela. Zuberoako pastoralak aipatu nizkion, türkak eta giristinoak, eta errejenta taula-gainean, Kantor bezala agertokian, mahaitxoan, banderatxoekin aginduak ematen. Ez zela taula-gainean antzezleen artean ibiltzen hura bezala, baina nik pastorala berritu behar banu hortik joko nukeela, errejenta aholku-emaile, dantza urratsak ere egiten, ahapaldiren bat kantatuz. Ez zidan asko ulertu. Zuberoa non dagoen ere ez zuen ulertu, Frantziako mapa egin nion, Pays Basque, la Soule... le sud de la France. Korapilo ederra. Pastorala. Hori nola esan frantsesez? Pastorale. Artzain kontuak? Ezin itzuli edo ulertarazi. Théâtre!” (Odolaren usaina ataleko 2. zatian).

Wielopole, Wielopole izan zen Tadeusz Kantorrek 1981ean Gasteizera ekarritako obra, orduko antzerkizale askoren memorian iltzatuta gelditu den bisita. Ohikoa zen, Heriotzaren teatroa testua idatzi ostean batez ere, Tadeusz Kantor emanaldietan zehar publikoa eta aktoreen arteko mugan mugitzen ikustea, aktoreak behin eta berriz zuzentzen, zuzendariaren rola erantzi gabe aktoreekin elkar eragiten. Bere oroitzapen propioetatik abiatuta sortu zituen Cricot 2 taldearekin Klase hila eta Wielopole, Wielopole bezalako obrak. Obra haietan bere oroimeneko uneak eta pertsonak erabili zituen, baina aktoreak objektu bilakatuz, eguneroko objektu errealak ahanzturaren hilobitik atera eta oholtza gainean berrerabiliz, objektu ezinezkoak asmatuz, aktoreak manikien pare oholtzaratuz.

Ander Lipusek Ispilu dramatikoa blogean jaso ditu Kantorri buruzko hainbat testu.

Artea eta memoria.

 

Tadeusz Kantor, (Polonia, 1915-1990). Pintore, eszenografo, autore eta antzerki zuzendari poloniar honek heriotzaren antzerkia sortu zuen. Cracovia-n jaio zen, aita judua eta ama katolikoa izan zuen. Gehienak juduak ziren Wielopole herrian igaro zuen bere haurtzaroa, bere osaba apaizaren sakristian. Bere obran bi erlijioen arteko tentsioa nabaria da. 1934 eta 1939 urte bitartean margolari eta eszenografo formakuntza jarraitu zuen Krakovia-ko Arte Ederretako Eskolan. Bertan alemaniar eta errusiar konstruktibismoa, dadaismoa eta surrealismoaren influentziak jaso zituen. II. Mundu gerraren garaian, naziek Polonia okupatu bitartean, antzerki klandestino bat eraiki eta bultzatu zuen, Podziemmy antzerkia. Marcel Duchamp-en arrastoak jarraituz, ready-made-a eta hondakinetako objektuak interesatu zitzaizkion. Gerra ondoren, arte plastikoetan jarduteari ekin zion, bere lanaren hainbat erakusketa burutuz, eta eszenografo bezala lan eginez Kracovia-n eta Katowice-n. 1955. urtean Cricot 2taldea sortu zuen. Bere heriotzara arte zuzendu zuen talde hau, eta bertan antzerki jendeak zein artista plastikoak parte hartu zuten. 1963. urtean Teatro zero-ren manifestu liburua argitaratu zuen. Manifestu honetan, bere dramaturgiaren printzipioak azaltzen zituen: aktoreek isil-misilka egin behar zuten lana, sentimenduenganako apurketa eta hitzen zentzu osoaren idokitzea. Happening eta ‘patekatze’ garaia 70 manifestuapublikazioarekin zarratu zuen. Zentzugabeko eta mamirik gabeko arte obrak sortzea defendatzen zuen, kontsumitzeko ezinezkoak zirenak. Bere maisu lana 1975ena aurkeztu zuen Klase hila, honekin batera heriotzaren antzerkia hasiko zen Kantor-entzat, bere aurre denborako lan esperimentalekin erabat apurtuz. Beste sortze lanak: Non dira aitzinako elurrak?, Wielopole-Wielopole (1980), Artistak pikutara!(1985) edo Ez gara inoiz gehiago hona itzuliko (1990).

Poesia ez dago testuan

Ezin da esan Tadeusz Kantorrek antzerkia idazten zuenik, nahiz eta bere antzezlanen testuak argitaratzeko saiakerak egin izan diren (gazteleraz Alba argitaletxearen eskutik heldu ziren 2009an La clase muerta eta Wielipole, Wielipole testuak). Kantorrek idatzi manifestuak idatzi zituen batik bat; bere teatroaren arima topatzeko beraz oholtza gaineko elementuei osotasunean begiratu behar zaie, bere teatroaren aztarna txiki eta herrena besterik ez baita testua.

Kabia eta Gaitzerdiko kide Borja Ruizek aipatu izan duenez (El arte del actor en el siglo XX, Artezblai 2008) Kantor eszena-idazleen multzoaren barruan sar liteke, Robert Wilson eta Robert Lapage bezalako egileekin batera: ‘antzezlana ez da testu-dramaturgia baten gainean eraikitzen, eszenografia, objektuak, mugimendua, soinua edo argia maila berean txertatzen dituen dramaturgia-egitura baten gainean baizik’. Kantorrek pinturaren eta eszenografiaren arloetan hasi zuen bere ibilbidea, eta horrek etengabe markatu zuen antzerkiaz zuen ikuspegi estetikoa.

Kantorrek zirku ilun baten ispiluaren aurrean jartzen zituen bere pertsonaiak, eta bere memoriatik zuzenean erauziak baziren ere ez zituen sekula izendatzen, ez bazen haien deskribapenaren bitartez: lehen mundu gerrako soldadua, kabareteko puta, zahar pedofiloa, eskelen banatzailea… Heriotzaren teatroa izena ‘terriblea’ bada ere gizakien memoria aldarrikatu eta, zirku ilun batean besoetan berreskuratzetik dator.

Hauxe dio Markos Rosenzvaig-ek Kantorren lanari buruzko liburuan (El teatro de Tadeusz Kantor, Leviatan argitaletxea):

‘Gizaki baten bizitza, bere amodioak, porrotak, beldurrak, pasioak, ahaztuak izan dira, ez dute biziraun. Gizakia edozein objektu masibo bezain baztergarria da. Klase hila laneko pertsonaiak historiaren hondakinetatik berreskuratu ditu Kantorrek. Hori da berak egiten duena, protagonistak ez izanagatik ahaztuak izan diren izaki arrunten istorioak baloratu. Haien heriotzak ustezkoak dira, nahikoa da haiek berriz ere agertzea iragana pizteko, amodio zaharrak bizi dira. Ez da ezer galdu, gogoaren errealitatea presentzia bizia bilakatu da. Bere memoriako hildakoen deialdi bat da. Ahanzturatik ari dira aktuatzen. (…) Poesia ez dago testuan, poesia antzezlanean dago, ikuskizunean’.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)