Amuak

Tripak kolektiboaren “Aitaren larrua” antzezlana argitaratu dute

Osteguna, 2018-09-13

Ekainean aurkeztu zuen Eztena arte eszenikoen jaialdiak “Eztena-liburuak” proiektua, dramaturgia garaikideen aniztasunari erreparatu nahi dion proiektua. Plazaratutako lehen liburuen artean da Tripak kolektiboaren Aitaren larrua, paperean jasotzen zaila den teatro mota baten lekukotza gisa.

Gasteizko Baratza aretoak egin ohi duen akuilu lanaren eraginez sortu zen Tripak kolektiboa, 2013an. Egun bost sortzailek osatzen dute taldea: Maite Mugerza Ronse, Mayi Martiarena Litago, Marina Suarez Ortiz de Zarate, Andrea Berbois eta Natalia Suarez Ortiz de Zarate. Tripak kolektiboak lan eszenikoak taularatu izan baditu ere, kolektiboko kideak ez datoz antzerkitik zentzu hertsian, musika eta arte ederretatik baizik.

Horregatik akaso, Aitaren larrua piezak harridura sortu izan du ikusleengan: pertsonaia-kontzeptuaren iraultzea, erraietatik ateratzen diren hitzak, arrarotasunaren agerpena... eta elementuen, arroparen eta gorputzen erabilera espazial bat. Aitaren larrua pieza labur gisa jaio zen, eta ondoren garatuz joan zen iraupen luzeko pieza bilakatu arte.

Kolektiboko kideen esanetan “obrak fase asko izan zituen, espazio eta festibal anitzetatik igaro zen, 2016an amaiera eman genion arte. Gure azken sorkuntza Urruna deitzen da eta berdinean gabiltza: bila, gure munduei forma ematen”.

“Bazen behin larru bat. Larruak ez zekien nondik zetorren, nor zen bere ama eta nor zen bere aita. Lurretik sortu zela bazekien, bertan lo eta bizi zelako, baina ez zen akordatzen bere sorreraz. Urteak eman zituen lurrean zain, baina, denbora joan eta denbora etorri, konturatu zen mugitu egin behar zela, bizidun modura bere nortasuna bilatu behar zuela. Lurretik arrastaka ibili eta gero lortu zuen saltoak egiten ikastea, denboraz hegan egiten ikasi zuen. Egun batean, hegan zela, zerbaiten kontra txokatu zen. Itsatsita geratu zen estatua baten kontra. Estatua gizon batena zen.”

“Eztena-liburuak” proiektua bilduma xumea da, nolabaiteko “gerrillako” liburuak publikatzeko asmoz sortua. Liburuaren berri izan edo liburuak eskatzeko, email honetara jo daiteke:

eztena@liburuak.eus

aitaren larrua

Amu honen uberan

IKUS Marina Suarezen “Printzesa transformer” bloga

IKUS liburuaren fitxa Eztena-liburuak webgunean

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)