Amuak

Vita, Violet eta Virginia: pasioa darien lerroak

Vita Sackville-West, Violet Trefusis eta Virginia Woolf idazleen arteko amodio-gutun pasioz beteakOsteguna, 2014-11-20

Autore ezagunak hil ondoren gupidagabe sartzen dira editore, senide eta irakurleak artxibo ezkutuen tiraderara. Horixe bera gertatu zaie gure gaurko amuko hiru idazleei ere, horrela iritsi zaizkigu haien idatzi intimoenak. Hain justu ere, Vita Sackville-West, Violet Trefusis eta Virginia Woolfen maitasun-hitz eder-eder batzuk ekarri nahi izan dizkizuegu, Bergarako Amodiozko Gutunen Lehiaketarako inspirazio-iturri modura-edo balio dezaketelakoan.

Igurzketari propaganda apur bat egin nahian eta amodiozko gutunen lehiaketaren aitzakian, pasioz bete dugu gaurko amua. Vita Sackville-West, Virginia Woolf eta Violet Trefusis idazle ingelesak ekarri dizkizuegu, amodio-istorio debekatu eta bizi-bizien protagonistak, denak ere.

Vitak eta Violetek haur zirela ezagutu zuten elkar, harreman estu-estua hasi eta maitemindu egin ziren. Garaiko eskakizunek bultzatuta gizon banarekin ezkondu ziren, baina fideltasun-promesa egin zioten elkarri: senarrarekin sekula lo ez egitekoa. Atzerrian batzen ziren, Vita gizonez janzten zen  bikotea kaletik lasai ibili ahal izateko. Bien arteko ituna hautsi zen noizbait; Vita eta Violeten artekoak urte luzez iraun zuen, hala ere. Gutun itzelak utzi zituzten amodioaren testigantza gisara, eta baita Sacville-Westen eleberri bat ere: Challenge (1923) [Erronka]. Halaber, istorio hau da 1990eko telebista saio britainiar baten oinarri nagusia: Portrait of a marriage [Ezkon-bikote baten erretratua].

Virginia eta Vitak helduago zirenean egin zuten topo, 1920ko hamarkada inguruan. Virginia ere ezkonduta zegoen. Dena den, diotenez, senarrak harremanaren berri zeukan. Vitarengan oinarritzen da Woolfen eleberri oso ezagun bateko pertsonaia nagusia: Orlando: A biography (1928) [Orlando: biografia bat].

Gehiago luzatu gabe, honatx aukeratutako pasarteak:

Vita_sackville-west

Vita Sackville-West. Margolana: William Strang. 1918

Vitak Virginiari, 1926ko urtarrilaren 21ean

Orain, Virginia desio duen gauza hau baino ez naiz. Gutun eder bat irudikatu nuen zuretzat, gau ilunean, lorik gabeko amesgaiztoen orduetan, baina osorik desagertu da: zure falta nabaritzen dut, besterik gabe, modu nahiko arrunt eta desesperatuki gizatiar batean. Zuk, zure gutun ez-ergel horiekin guztiekin, ez zenuke sekula idatziko horren moduko esaldi sinplerik; agian ez zenuke horrelakorik sentitu ere egingo. Hala ere, sinesten dut hutsune txiki batez ohartuko zarela. Baina, hain esaldi dotorearekin jantziko zenuke ezen errealitate puska bat galduko bailuke. Aitzitik, nire kasuan, nahiko gordina da: zure falta nabaritzen dut, pentsa nezakeena baino gehiago, eta sinetsitdazu, prest nengoen zure falta bortizki nabaritzeko. Hortaz, gutun hau, egiatan, oinazezko txilio bat da. Harrigarria da nola bilakatu zaren hain ezinbesteko niretzat. Pentsatzen dut ohituta egongo zarela horrelako gauzak entzutera. Madarikatua zu, gaizki hezitako kreatura, ez dut lortuko zuk ni gehiago maitatzerik neure burua modu honetan biluztuz… Baina, ai, laztana, ezin naiz azkarra eta hotza izan zurekin jarduterakoan: gehiegi maite zaitut. Benetanegi. Ezin duzu imajinatu ere egin zer hotza izan naitekeen maite ez dudan jendearekin. Arte eder bilakatu dut hoztasuna. Baina nire defentsak hautsi dituzu. Eta, benetan, ez zait damu.

Roger_Fry_-_Virginia_Woolf

Virginia Woolf. Margolana: Roger Fry. 1917.

Virginiak Vitari, 1926an

Begiratu hona, Vita: uztazu zure gizona eta Hampton Courtera joango gara eta elkarrekin afalduko dugu errekaren ertzean, eta paseoak egingo ditugu lorategitik, ilargiaren argitan, eta etxera berandu iritsiko gara, ardo botila bat edango eta apur bat mozkortuko, eta nire buruan dauden gauza horiek guztiak kontatuko dizkizut, zientoka gauza, ezin konta ahala gauza. Ez dira egunez agertuko, soilik ilunetan, errekaren ertzean. Pentsa ezazu horretaz. Uztazu zure gizona, diotsut, eta zatoz.

Violet_Trefusis

Violet Trefusis. Irudia: wikipediatik hartua.

Violetek Vitari, 1910eko urriaren 8an

Duda-mudatan nabil neure baitarako, ea zure galderari erantzun beharko niokeen ala ez… Galdera ezin indiskretuagoa, eta errieta zorrotza merezi duena. Erantzun, ez erantzun, erantzun! Ai, pikutara diskrezioa!

Bueno, ahobilorik gabe galdetzen didazu ea zergatik maite zaitudan… Maite zaitut, Vita, hain gogor borrokatu naizelako zu lortzeko… Maite zaitut, Vita, ez zenidalako sekula nire eraztuna itzuli. Maite zaitut ez duzulako sekula ezertan amore ematen, maite zaitut ez duzulako sekula etsitzen. Maite zaitut zure adimen miragarriagatik, zure literatur xedeengatik, zure koketkeria inkontzienteagatik (?). Maite zaitut badirudielako ez duzula ezertan zalantza egiten! Zugan maite dut nigan ere badagoen hori: irudimena, hizkuntzetarako trebezia, intuizioa eta beste hamaika gauza…

Maite zaitut, Vita, zure arima ikusi dudalako.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)