Irratsaioak

Azaroaren 26ra arte eman daiteke izena Biko-Teka tailerrean

Asteartea, 2021-11-09

Galtzagorri elkarteak, Iruñeko Udalarekin lankidetzan, BIKO-TEKA, liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerraren seigarren edizioa antolatu du Iruñean, urtarrilaren 24tik 28ra. Azaroaren 26ra arte eman daiteke izena.

ZER DA BIKO TEKA?

BIKO TEKA tailerraren xede nagusia euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Horregatik, tailer honen emaitza gisa, parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua abiatuko du.


NORK IRAKATSIKO DU?

Iñigo Astiz idazlea eta Maite Mutuberria ilustratzailea jardungo dira irakasle-lanetan, eta, aurten, gainera, bi gonbidatu ekarriko dituzte: Antxiñe Mendizabal ea Inazio Mujika, euskal album ilustratuen edizioa bertatik bertara ezagutzeko.


NORENTZAT DA?

Gehienez irudigile eta idazle banak osatutako 8 bikotek parte hartuko dute.

Hauek dira parte hartzeko baldintza orokorrak:

- Idazle eta ilustratzaileek parte hartu dezakete, bakarka zein binaka. Bakarka aurkezten direnei bikotea aurkituko zaie, posible den heinean.

- Parte-hartzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan behar eta aurkezten diren hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira.

- Parte-hartzaileek euskaraz jakin behar dute.

- Galtzagorri elkarteko bazkide izatea baloratuko da.

Tailer honetako formazioa jasotzeko beka bana eskainiko zaie epaimahaiak aukeratzen dituen 16 lagunei (8 bikoteei).


NON ETA NOIZ EGINGO DA?

Iruñeko Kondestable Jauregian, 2022eko urtarrilaren 24tik 28ra arte.

Lehenengo lau egunetan, egun osoz: 9:00etatik 14:00etara (ordu erdiko atsedenarekin); arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara.

Azken egunean, ostiralean, goizez bakarrik: 9:00etatik 14:00etara. Asistentzia derrigorrezkoa da: parte-hartzaileek tailerraren saio guztietara etortzeko gai izan eta horretarako konpromisoa hartu behar dute.


NOLA, NON ETA NOIZ EMAN BEHAR DA IZENA?

- Ilustratzaile bakoitzak bere 3 ilustrazio bidali beharko ditu: argitaratuak edo ez, bere ustetan bere lana hobekien jaso edo biltzen duten 3 irudiak.

- Idazle bakoitzak testu labur bat bidali beharko du: argitaratua edo ez, bere ustetan bere lana hobekien islatzen duen idazlana. Gehienez ere orrialde bateko luzera izan behar du.

- Bikotean aurkezten direnek bere proiektuaren zirriborro bat bidali beharko dute.

- Horrez gain, honako dokumentazioa igorri beharko dute: curriculuma,  NANaren kopia bat, posta elektronikoaren helbidea eta telefono zenbakia.

-Hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira.

Dokumentazioa e-mail bidez bidali beharko dute helbide honetara: galtzagorri@galtzagorri.eus. Eskaerak aurkezteko azken eguna: 2021eko azaroaren 26a.

Aukeratutakoei 2021eko abenduaren 10erako erantzungo zaie.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)