Irratsaioak

Hainbat ekitaldi eta aldarrikapen bat, Txillardegi omentzeko

Osteguna, 2021-12-16

2022ko urtarrilaren 14an izango dira 10 urte Jose Luis Enparantza Txillardegi ingeniari, idazle, hizkuntzalari eta politikaria hil zenetik. Horregatik, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, eta, aldarrikapen bat zabaldu dute: Txillardegiren izena har dezala Donostiako Liburutegi Nagusiak. Irudia: Txillardegi Liburutegia.

Euskara batuaren bultzatzailea, euskal nobelagintzaren berritzailea, eragin handiko politikaria… Hori guztia eta gehiago izan zen Jose Luis Enparantza Txillardegi. Hura omentzeko hainbat ekitaldi antolatuko dira haren heriotzaren X. urteurrenean.

San Telmo Museoak, Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza Laborategiak, Jakin fundazioak, Argia aldizkariak, Susa argitaletxeak eta Txillardegi gogoan taldeak ekitaldi-sorta bat egingo dute 2022ko urtarrilaren 11tik 18ra bitartean.

Urtarrilaren 11n, asteartearekin, «Txillardegiren hizkuntza politikaren oinarriak eta bere gaurkotasuna» hitzaldia eskainiko dute Alaitz Aizpuruk eta Iñigo Urrutiak. Hilaren 13an, berriz, Kronikak liburua aurkeztuko dute Koldo Izagirrek, Garbiñe Ubedak, Juan Luis Zabalak eta Gorka Bereziartuak. Halaber, urtarrilak 18 asteartean, beste bi liburu aurkeztuko dira: Txillardegi: Euskalgintza eta Txillardegi: Intelektuala eta gizartea, Alaitz Aizpuru, Lorea Agirre eta Igone Lamarainen eskutik. Hitzaldi eta aurkezpen horiek guztiak San Telmo Museoan izango dira, arratsaldeko 7etan.

Azkenik, urtarrilak 15 larunbatean, 12etan, Txillardegiren heriotzaren X. urteurreneko ekitaldia egingo dute Donostiako Antigua auzoan, idazlearen izena daraman plazan.


Txillardegi liburutegia

Bestalde, ekitaldiez gainera, sinadura-bilketa publiko bat abiatu dute, aldarrikapen argi batekin: Donostiako Udal Liburutegi Nagusiak Txillardegiren izena har dezala. Hala diote: «Uste dugu Txillardegiren kultur eta literatur arloko lanak berez hitz egiten duela bere merezimenduak zerrendatzen ibili beharrik gabe: heriotzaren hamargarren urtean, Txillardegi Liburutegiarena izatea nahi genuke, Koldo Mitxelena eta Carlos Santamaria dauzkagun bezala».

Egitasmoarekin bat egin eta zuk ere eskaera sinatu nahi baduzu, hemen duzu aukera.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)