Irratsaioak

Martin Ugalderi gorazarre

Osteguna, 2021-11-11

Gaurko egunez jaio zen, duela ehun urte, Martin Ugalde kazetari eta idazlea; hainbat ekitaldi antolatu dira urte osoan hura omentzeko, eta hainbat ekitaldi prestatu dituzte gaurko ere.

Andoainen, jaioterrian, zenbait ekitaldi berezi prestatu dituzte gaur, Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena oroitzeko. Lehenik, Ugalderen lan guztien digitalizazioa eta sareratzea aurkeztuko dute: Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak, Andoaingo udalak, Jakin aldizkariak eta Martin Ugalde kultur parkeak parte hartu dute prozesu horretan.

Kultur parkean bertan beste ekitaldi bat antolatu dute 11tan. Ugalderen Itzulera baten historia liburuaren irakurketa jarraia egingo dute familiako kideek, erakunde, euskal eragile eta herriko elkarteetako ordezkariek, eta Andoaingo ikastetxeetako ikasleek. Aukera izango da ekimena Andoainen pantaila bidez zuzenean  jarraitu ahal izateko. Halaber, herri horretan ez daudenentzat, streaming bidez jarraitzeko aukera ere badago, helbide honetan.

Arratsaldean, 19etan, XXV. Martin Ugalde ipuin-sariketako sariak banatuko dira Bastero Kulturunean. Andoaingo udalak antolatutako egitasmoa da. Euskal Idazleen Elkartea bertan izango da:« [Ugaldek] egingo lukeen bezala, idazteko grina erakutsi duten 10-17 urte bitarteko andoaindarrak zoriontzeaz gain, Elkarteko ateak zabalduko» dizkietela adierazi dute. EIEk, gainera, aitortza egin nahi izan dio Ugalderi, «garai zailenetan bidea markatzen jakin zuen itsasargietako bat» izan baitzen.


 

Ugalderi buruzko hitzaldiak ikusgai

Udazkeneko omentze-ekitaldien artean, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute, eta Ugalderen ekarpenei buruz mintzatu dira hainbat kazetari eta idazle. Sarean ikusgai hitzaldi horiek, eta jarraian bildu ditugu:

Martin Ugalde, historia egin zuen kazetaria (Nerea Azurmendi)


Martin Ugalde eta Egunkaria (Iñaki Uria)

 


Martin Ugalderen garaia PENen begiradatik (Laura Mintegi)


 

Martin Ugalde eta politika (Anjeles Iztueta)


Martin Ugalde: exilioak eta hizkuntzak, ahulenak gogoan (Anjel Lertxundi)

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)