Najat el Hachmi, Josep Pla eta Amelie Nothomb mintzagai Irakurrieranen
Asteartea, 2018-01-09Jexux Mari Zalakain eta Xabier Olarra elkarrizketatu ditu Gotzon Barandiaranek Irakurrieran irratsaioan. Josep Plaren Kale estua (Igela) eta Najat el Hachmiren Azken patriarka (Txalaparta) itzuli ditu lehenak; Garazi Arrula Ruizek itzuli eta Igelak argitaratutako Amelie Nothomben Hodien metafisika izan du mintzagai bigarrenak. (Argazkia: Berria).
Entzun jarraian irratsaioa osorik:
Azken patriarka eleberriak Marokotik Kataluñara emigratu duen Mimoun Driouchen istorioa kontatzen digu, bere alabaren begietatik. Haren eskutik aitaren izaera tormentatua ezagutuko dugu; bere izaera autoritario eta zaharkituak sortarazten dizkion talka etengabeak. Izan ere, pertsonaia gorrotagarria da Mimoun: matxista, liskarzalea, zurruteroa, bortitza, jeloskorra… Sarritan besoak liburuan sartu eta zerri horren lepoa estutzeko gogoa ematen duen pertsonaia horietariko bat da Mimoun. “Mirarizko” pribilegioen eskutik Driouch familiaren patriarkak nahi duena egin ahal izango du: edan, ezkondu aurretik zein ondoren beste emakume batzuekin oheratu, maitaleak izan, nahierara jantzi, edonora joan... Eta, aldiz, patriarkatu ahalguztidun horri esker bortizki debekatuko die haren emazte edo alabari berak posible dituen guztiak.
KALE ESTUA nobelan, indar poetiko eta iradokizunez beteaz kontatzen da Torrelles izeneko herri bateko bizimodua, albaitari gazte iritsi berri baten begietatik ikusia. Bistan da izen horren atzean Josep Plaren jaioterri Palafrugell dagoela, eta haren asmoa, nobela idaztean, hango eguneroko bizimodua ispilu batean ikusten dugun bezala ematea zela. Plak ez zion garrantzi handirik ematen nobelak kontatzen duen istorioari, ezta nobelari berari ere oro har, ezpada bizimodua bera kontatzen zuen heinean. Jakitun zen nobela honi alde horretatik jarriko zitzaizkion erreparoez, eta horregatik ohartarazten zuen, kontakizunari egin zion hitzaurrean, bere asmoa zela “bizimodua den bezalakoxea agerian jartzea” eta bertan “bizitza den bezalakoa islatzen duten irudiak” agertuko zirela “ez sortuak eta konbentzionalak. Hemengoak, hortaz, errealitatearen irudiak dira”.
Hasieran, ez zegoen deus. Eta deus hori ez zen ez hutsa, ez nahas-mahasa: aski zuen bere buruarekin. Eta Jainkoak hori ona zela ikusi zuen.» Horrela hasten da Amélie Nothomben liburu hau, euskarara ekarritako hirugarrena. Genesia datorkigu gogora, hori baita eleberriko lehen aipu intertestuala, besteak beste, Heraklito, Aragon eta Tintin lotzen dituen kate luze bateko lehena. Gerra osteko Japonian kokaturiko liburua da esku artean dugun hau; garaian, mendebaldeko okupatzaileak (estatubatuarrak, bereziki) garaile eta nahieran ibili ziren herrialde suntsituan. Hain zuzen, mendebaldarrak izan ziren japoniarrentzat aberastasuna, boterea, kultura eta, nahi bada, edertasunaren irudia. Idazleak bere burua japoniartzat badu ere, mendebaldeko ikuspegitik idatziriko eleberria da Métaphysiques des tubes, 2000. urtean Albin Michel etxean argitaratutakoa; horrela, frantsesezkoa baino hamaika urte geroago kaleraturiko japonierazkoa bitxi samarra irudi dakioke japoniar irakurleari, edizio horren hitzaurrean itzultzaileak dioenez. Garrantzitsua iruditzen zait euskarara ekartzean horiek ere buruan izatea.