Irratsaioak

Poema liburu berria plazaratu du Maite Toledo Saralegik, ‘Hemen’ (Beta)

Glamourra hartu du hizpide: “Finean, bizitzeko modu bat da”, hala dio idazleakAstelehena, 2013-05-06

Kalean da Maite Toledo Saralegiren poemario berria: Hemen (Beta, 2013). Aurreko ostiralean aurkeztu zuen Donostiako Noventa Grados dendan. Liburuari buruzko hitzaldia eskaini zuen lehenbizi eta hainbat poema errezitatu zituen segidan. Glamourra azpimarratzen duten hainbat olerki jaso ditu lan berri honetan eta horiek izan ziren jendaurrean eskaini zituenak.

Maite Toledo Saralegik gustuko du glamourra. Idazle antzuolarraren esanetan, “plazera sortzen dit, eta iradokitzailea iruditzen zait oso”. Liburuaren aurkezpena iragartzeko prentsa oharrean, bizitzeko modu baten gisa definitzeko du glamourra:

Glamour” hitzaren esanahia aurkitu nahian ibili naiz azkenaldian. Zergatik? Bada, gustuko dudan zerbait da; plazera sortzen dit, eta iradokitzailea iruditzen zait oso.

Hala ere, termino anglosaxoi hori ez da erraza definitzen. Orobat, dotoretasunarekin lotu ohi dugu, baita zine eta modarekin ere. Alabaina, nago hori baino zerbait gehiago dela.

Glamourrak inguratua bizi izan zen Cristobal Balenciaga moda sortzailea, eta haren esanetan “moda sortzaile onak, arkitektoa behar du izan diseinurako, eskultorea formarako, margolaria kolorerako, musikaria harmoniarako eta filosofoa neurrirako”.

Getariako jostunaren aipamena nahikoa hurbiltzen da bila ibili naizen kontzeptura. Izan ere, Hemen liburuko olerkiak idazteko orduan, aldagai horiek baliatzen saiatu naiz.

Hori horrela, gaineratuko nuke glamourra artea dela, adierazteko modu bat. Arkitekturarekin, argazkigintzarekin eta dramarekin ere lotzen da, eta nola ez, gizakiokin.

Pertsonoi dagokigunez, bakoitzak bere potentzialitateak ustiatzen jakitea da glamourra, norberaren buruaren onarpena, berezko zerbait. Eta ez dago zertan polita izan.

Finean, bizitzeko modu bat da glamourra. Marka pertsonala”.

Maite Toledo Saralegi (1966) hainbat sari jasotakoa da eta arlo desberdinak jorratu ditu literaturan eta kazetaritzan: poesia, bidaia-kronika, ipuina, narrazioa, gidoiak eta zutabeak. Ametsaren aro berria komiki-liburua argitaratu zuen 2005ean. Gaztelaniara, frantsesera, portugesera eta ingelererara itzulia izan zen. 2012an Jet lag poesia liburua eta Tekno + turismoa saiakera eman zituen argitara, biak Beta argitaletxearekin.

Hemen poesia liburua ere (irudian, azala) Betarekin plazaratu du Maite Toledo Saralegik.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)