Zebrabidea

Zebrabidearen uberan: Mikel Hernandez Abaitua eta Kattalin Miner

Asteartea, 2017-03-21

Bi ostiralean behin, Arrosa Sareko Zebrabidea irratsaioan arituko gara, Hitzen Uberan atariko edukiei tiraka: pasa den ostiralean, Mikel Hernandez Abaituaren eta Kattalin Minerren elkarrizketak aipatu genituen.

Arrosa Sareko Zebrabidea magazinak literaturari tartea egiten dio ostiralero. Gonbidapena luzatu digute eta, hemendik aurrera, han izango gara bi astean behin. Helburua: Hitzen Uberan atarian argitaratzen ditugun edukiei errepasoa egitea; besteak beste, elkarrizketei emango diogu arreta berezia, horiexek baitira gure eduki mamitsuenetakoak.

Pasa den ostiralean, hilak 17, izan ginen han. Bi elkarrizketa aipatu genituen, Mikel Hernandez Abaituarena eta Kattalin Minerrena. Behean entzun dezakezue kolaborazioa, osorik.

 

KOLABORAZIOAN NABARMENDU GENITUENAK

Mikel Hernandez Abaitua, Airearen isla eleberriari buruz:

Nobelan plagio literario bat aipatzen da. Eta hasiera batean, horretaz idaztea zen nire asmoa. Plagioarena benetakoa da, baina ez nuen nik topatu. Lagun batek kontatu zidan. Hori zen nire lehen ideia, plagio literarioaz fikzionatzea. Baina narrazioa gorpuztu egin behar da nolabait, eta gustuko gauzekin gorpuzteko joera dut nik. Nire zaletasunak agertzen dira bertan. Eta nire zaletasunak ez direnak ere bai. Oso garrantzitsuak dira pertsonaiak ezaugarritzeko edo eraikitzeko orduan. Eta kasu honetan, inoiz baino gehiago agertzen dira nire zaletasunak.

Nik badut ikaskide bat egun autobus gidaria dena. Unibertsitatean elkarrekin ibili ginen, ni euskal filologian eta bera filologia hispanikoan, baina asignatura batzuk elkarrekin egin genituen. Berak ez zuen lana erraz topatu nonbait. Autobusetan ikusten dut orain gidari-lanetan. Eta seguraski literatura pilo bat irakurtzen duela neska horrek. Askok pentsatzen dute jendea kultura gabea dela. Aurre-juzgu asko ditugu zentzu horretan, baina ikasketa asko dituen jende asko dago munduan. Hori ere azaldu nahi nuen nobela honetan, betikoa ez izateko. Edozein izan daiteke kulturzale, ez dezagun errealitatea hain arin sinplifikatu.

Ni orain sorkuntzan nabil eta ez literaturaren azterketan. Ramon Saizarbitoriaren inguruko tesi doktorala bukatu eta gero, ez dut literaturari buruz idazteko gogo handirik. Gainera, aspaldi izan genuen plagioaren berri eta gerora idazle plagiatzailea hil egin zen. Egoera horretan, horrelako gauza bat salatzea ez da gauza atsegina. Niri, batez ere, gai honen alderdi humanoa interesatzen zitzaidan. Idazle hari barkatu egin diote. Literatura sariak egiten dira bere izenean eta omenaldiak egiten dizkiote. Baina plagioa nik egin izan banu, ez nindukete barkatuko. Eta beste jende askori ere ez. Zer gertatu da orduan? Mundu honetatik joan zelako edo, ba inork ez duela aipatu nahi. Gai zaila da.

Esan bezala, idazle berberak ditugu gustuko. Horregatik gustatu zitzaidan hainbeste Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintza. 1977an euskal filologia ikasten hasi nintzenean, euskal literatura ikaragarri aspergarria egiten zitzaidan, bereziki narraziogintza. Jon Miranderen Haur besoetakoa zen salbuespen bakarra. Egunero hasten delako irakurri nuenean ordea, guztiz harrituta geratu nintzen. Ez nuen horrelako erreferentziarik espero euskal literaturan. Horregatik egin nuen nire tesi doktorala Ramon Saizarbitoriaren lehen etaparen inguruan. Bere gustuko idazle asko nire gustuko idazleak zirela konturatu nintzen; tribu berekoak ginela, nolabait esanda.

Diktadura batetik demokrazia izan nahi zuen egoera batera igarotzen ari ginen. Urte haietan, euskal kulturaren pizkundea ikusgarria izan zen. Bapatean, euskal kultura toki guztietan zegoen. Harrigarria izan zen. Euskal mundua oso aurrerakoia zen, modernoa eta abanguardista. Euskal Herrian, une hartan, askoz modernoagoa zen euskal kultura erdal kultura baino. Nik inpresio hori nuen. Jose Luis Zumetaren koadroak, Mikel Laboaren kantu modernistak, Saizarbitoriaren nobelagintza... Errobi eta Koxka bazeuden, baina rock talde gehiago falta ziren nire gusturako. Antzerkian ere, gauza oso interesgarriak egiten ziren. Bernardo Atxagaren Prakaman edota Oreka galdu zuen ekilibristaren kasua oso modernoak ziren orduan.

Kattalin Miner, Nola heldu naiz ni honaino eleberriari buruz:

Ohituta nago jendaurrean hitz egitera, baina kolektibo baten izenean aritu izan naiz beti, mugimendu feministaren ordezkari bezala adibidez, ez nuen inoiz aurkeztu soilik neurea omen zen zerbait. Gainera, literaturak badauka puntu hori autoretzarena, eta egia esan pixka bat deseroso sentitu naiz horrekin, badauka egotik asko, kontuz ibiltzeko kontua da. Euskal Herria oso txikia da eta pixka bat zentzuz begiratuz gero konturatzen zara ez dela beste munduko ezer, baina egiten badituzu bi aste egunero zure liburuaz hitz egiten eta tokatzen zaren jende guztiak liburuaz hitz egiten badizu, ematen du liburua dela gauzarik inportanteena. Jakin behar duzu beheko okinak oraindik ez dakiela nor zaren eta hori ere ona dela. Arreta eman dit zer zurea egiten duten, badirudi jenialitate bat egin duzula, zerbait genuinoa. Ez zait igo, baina konturatu naiz nola bideratzen den dena indibidualtasunera, zutaz hitz egitera…

Egia esan nik neuk ere ez nekien horren obsesionatuta nengoenik kontu horrekin, intuitiboagoa zen, ez zen izan erabakien inguruan hausnartu nahi nuela, eta liburu bat egin, baizik eta dudatan nengoela etengabe eta konturatzen nintzela zenbat gurutzatzen duen gure bizitza erabaki beharrak, bai erabaki handiak deitzen diegun horiek baita txikiek ere; egunero erabaki behar dugu kafea nola hartu, adibidez. Konturatu nintzen geure burua ez dugula sekula dudatitzat, nonbait ezaugarri txar bat delako duda egitea, eta oso urduri jar gaitezke inguruan badaukagu ezin erabakita ibiltzen den norbait. Gero, ordea, errealitatea da denok egiten dugula duda. Beste gauza bat da zer mekanismo dauzkagun hortik ateratzeko, baina ez dugu dena egiten %100 ziur. Orduan hasi nintzen pentsatzen nola egiten diegun aurre erabaki behar horiei eta zer puntutaraino erabaki horiek badiren inportanteak. Nire hipotesia zen ez direla erabaki handiak bizitza aldatzen dutenak, baizik eta egunero hartzen ditugun erabaki txiki horiek: zer jan, nola jantzi, nola joan lekuetara, eta horiei igual ez diegula garrantzirik ematen eta hor trabatu gaitezkeela.

Konturatu naiz beti dakigula zer nahi dugun; gehiago edo gutxiago axola zaigu, baina jakin badakigu gutxi gorabehera, eta askotan kamuflatu egiten ditugu gure nahiak, bestearen nahitik pasa… gauza oso arraroak egiten ditugu, janariarekin are gehiago eta bikote-harremanetan, zer esan. Zenbat gauza egiten ditugun bikote-harremanetan, nahiz eta ez ditugun egin nahi eta adibidez lagunekin ez genituzkeen egingo.

Beka eman zidatenean pentsatu nuen: zer nahi duzu egin? Argi neukan ez nintzela etorri euskal letrak iraultzera, hori ez zen helburua. Nahi nuen izatea laburra eta erraz irakurtzekoa. Idazkera soila. Adibidez azken orrazketan kendu nion kapitulu oso bat, zirelako hausnarketa batzuk oso… Nik neuk ere ez neukan argi zer esanarazi nahi nion pertsonaiari. Krisia bat da, lau zertzelada kontatzen dira, eta listo. Nahi nuen irakur zezatela bereziki literaturzaleak ez direnek ere. Sinplera jo nuen, eta gainera horrek ez du zertan izan anbiziorik gabea, hori lortzeak ere badu bere zailtasuna.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)