Albisteak

Miren Agur Meaberen apalategian: Bakar bat aukeratzearen aurka

Ostirala, 2020-11-27

Atal berri bat abiatu dugu Hitzen Uberanen: Apalategian; beren liburu kuttunei (eta ez hain kuttunei) buruz galdetuko diegu idazleei hilean behin. Gaurkoan, Miren Agur Meabe.

Ezaguna du Miren Agur Meabe idazlea euskal irakurleak. Poesian nabarmendu izan da, baina mugarri bat ezarri zuen Kristalezko begi bat eleberriarekin (Susa, 2014). Iaz Hezurren erretura argitaratu zuen, prosan hori ere, eta triptikoa itxiko du orain, Nola gorde errautsa kolkoan poema-liburuarekin –astelehenean aurkeztuko du–. Bestalde, Forugh Farrokzad poetaren lanak euskaratu ditu berriki Munduko Poesia Kaierak bilduman.

Irakurle amorratua izanik, hona bere kuttunak.

Mesanotxean daukazun liburua: Frankisstein, Jeanette Winterson-ena. Eta Neska dantzariak, Margaret Atwood-ena.

Zure bizitza aldatu zuen liburua: Bizitza zentzu hertsian ez, baina nolabait bai, eragin handia izan zuelako literaturari buruzko ikuspegian: Pasio hutsa, Annie Ernaux.

Hainbat aldiz irakurtzen hasi arren, inoiz amaitu ez duzun liburua: Recordatorios (Souvenirs pieux, Marguerite Yourcenar-en autobiografiaren lehen alea).

Gogotik oparitzen duzun liburua: Esnearen kolorekoa. Egilea, nell leyshon.

Haurtzaro edo gaztaroko liburu kuttuna: Jane Eyre izan nuen haurtzaroko atea itxi eta nerabezako irakurketen atea ireki zidan liburua.

Zuk zeuk idatzi nahi izango zenukeen liburua Esnearen kolorekoa. Baina obra kutun asko ditut: Maitea, Toni Morrison-ena; Alias Grace eta Power politics, Margaret Atwoodenak, prosa bata eta poesia bestea; Marianna Ucria-ren bizitza luzea, Dacia Maraini; Alice Munro-ren ipuin asko; Herta Müller-en En tierras bajas; Eki-haizea, mendebal-haizea, Pearl S. Buck…

Negar eginarazi dizun azken liburua: Negarreraino ez, baina zeharo hunkitu naute Forugh Farrokzad-en poemek.

Barre eginarazi dizun azken liburua: Nire azkenak: Nola gorde errautsa kolkoan (umorea dauka, benetan). Aparte, irribarre asko atera zidan A cuerpo de gato nobelak. Hiro Arikawa japoniarra da egilea.

Inoiz irakurri ez izanaz lotsatzen zaren liburua: Inoiz edo oraindik… Lagunen batena, baina irakurriko dut. Bestela, zain-zain dauzkat Olga Tockarczuk eta Louise Glück.

Aldarteak aldarte, sekula hutsik egiten ez dizun liburua: Suak, Marguerite Yourcenar. Orain dela berrogei urte leitu nuen, baina bertan egiten duen mitoen aktualizazioak ez dauka iraungitze-datarik.


Albiste honen uberan

Iaz, Meabe elkarrizketatu zuen Kattalin Miner kolaboratzaileak atari honetan. Hemen irakur dezakezue: «Gorputzaz idaztea emakume subjektua aldarrikatzea da, desira esplizitatzeko era bat, minari eta heriotzari buruz hausnartzeko bidea».

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)