Amuak

Eskailerapeko: Karmele Jaioren etorkizun-fabula

Asteazkena, 2020-07-15

Karmele Jaiok Eskailerapeko izeneko fabula argitaratu du «Zirriborroak eta gero» egitasmoaren barruan, Raisa Álavaren irudiekin. Zaintzarako auzo-sareak abiapuntutzat hartuz, fikzio espekulatibo bat osatu du konfinamendu garai betean. Irudia: Zirriborroak eta gero.

Lehenago ere hitz egin dizuegu «Zirriborroak eta gero» egitasmoaz. Azala kreazio espazioak hauspotzen du, etorkizun posibleei buruzko fabulak sortzeko helburuarekin. Orain arte, lau fabula argitaratu dituzte: Katixa Agirreren Loratze-perimetroa—Errekaleor auzo okupatuaz, Josune Urrutiaren irudiekin—, Iban Zalduaren Bisita bat arma museora—Gerrarako Eusko Label Plataformaz, Gorka Olmoren irudiekin—, Danele Sarriugarteren Zer gertatzen da K herrian ilargi beteko gauetan? —kutsadura luminikotik abiatuta, Maite Caballeroren ilustrazioekin—, eta, azkenik, Karmele Jaioren Eskailerapeko, Raisa Álavaren marrazkiekin, zeina berriki kaleratu baita. Hurrengo fabula, berriz, Belen Gopeguik idatziko du.


 

Itxialdian, itxialdiaz

Azken hilabeteotan, pandemiaren eraginez, herritar askok sentitu du zientzia fikzioak eta fikzio espekulatiboak hartu duela bere egunerokoa. Hein batean, Karmele Jaiori antzeko zerbait gertatu zitzaion, izan ere, batera suertatu zitzaizkion etorkizuna fabulatzeko enkargua eta koronabirusaren ondoriozko itxialdia. Konfinamendu betean osatu du bere fabula, eta nabaritzen da: zaintzarako auzo-sareak hartu ditu abiapuntu moduan.

Bi bizilagun dira fabula honetako protagonistak. Konfinamendu-garaian, etxean egon behar dute, eta elkarrentzako babesa izango dira. Jaioren beraren esanetan, «pandemia baino lehen jada arriskuan zegoen giza talde baten» istorioa da, «maitasun-istorio bat hondamendiaren erdian».

Hainbat bide daude Jaioren fabulara iristeko. Proiektuaren webgunean deskargatu daiteke liburuxka, pdf formatuan. Entzun ere entzun daiteke, autorearen ahotsean.


 

Albiste honen uberan 

Katixa Agirre eta Ixiar Rozas Irakurrieran irratsaioan

Iban Zaldua: «Utopia anbiguoen bidetik jotzen saiatu naiz» (Hitzen Uberan)

Danele Sarriugartek badaki zer gertatzen den K herrian ilargi beteko gauetan (Arratsean irratsaioa)

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)